Japoniako hondamendian, amiantoa zabaltzeko arriskua ere agertu da
Japoniako lurrikarak eta tsunamiak eragindako hondamendiak beste arrisku bat ekarri du orain, bereziki garbiketan ari diren lagunengan duena eragina. Izan ere, hondakinak garbitzean zabaltzen den hautsak tartean amiantoa ez ote duen izango beldurra azaleratu da.
Harumi OZAWA (AFP) |
Martxoaren 11ko lurrikararen eta tsunamiaren eraginez suntsitutako inguruetan geratu den hormigoizko anabasan eta errotik ateratako azpiegituren artean hondakinak garbitzeari ekin dioten japoniarrek beste kezka bati aurre egin behar diote orain: amiantoa.
Izan ere, hondamendiak 25 milioi tona hondakin pilatu ditu Japoniako iparraldeko uharteetan, eta urteak beharko dira garbitzeko.
«Eraikinak eraisten dituztenean hauts izugarria altxatzen da, eta amiantoa dela-eta arduratuta gaude», azaldu du Tetsuo Ishiik, Sendaiko udaletik, Tokiotik 300 kilometrora. Gaineratu duenez, arnastean barneratzen den hautsa dute kezka nagusia.
Amiantoa mineral bat da, osasunerako arriskutsua, gaixotasun larriak eragin ditzakeelako -birikietako minbizia-. Baina isolamendu akustiko eta termikoa hobetzen duen gai bat dela-eta urteetan erabili izan dute eraikuntzan, azkenean haren erabilera debekatu zuten arte, bai Japonian, bai munduko herrialde gehienetan.
«Yomiuri Shimbun» egunkariaren arabera, Japoniako Gobernuak aditu batzorde bat osatu behar du, suntsitutako inguruetan amiantoaren esposizioa zenbaterainokoa den neurtzeko, eta bertan lanean ari direnak modu egokian babesteko. Gainera, datozen egunotan, suntsitutako lekuetan boluntario ugari ibiliko dela uste dute agintariek, udaberriko oporrak gaur hastekoak dira-eta.
Baina ez da hori triskatutako inguru horietan arrisku bakarra. «Egurrezko 30.000 tona hondakin ere badago, eta dioxinak sor ditzakete kanpoan erretzen badituzte», ohartarazi du Yoichi Kobayashik, Sendaiko Ingurumeneko arduradunak. «Funtsezkoa da instalazio berezi batean erretzea», gaineratu du. Bestalde, Sendaitik 80 kilometrora dago Fukushimako zentral nuklearra, eta isuri erradiaktiboa ere ez da nolanahiko kezka.
Mila langile inguru
Sendai herriak mila langile inguru bidali ditu kaltetutako inguruak garbitzeko. Gehienek babes maskara daramate, hautsa ez arnasteko. Hondakinak biltzeko, hondartzatik gertu dauden hiru parke erabiltzen ari dira, eta kamioien joan-etorria etengabea da.
Handik asko urrundu gabe, desagertuak aurkitzeko lanetan jarraiten dute militarrek.
«Ezinezkoa zen dena eskuz egitea. Hasieratik ekarri ditugu makinak. Orain gure kasa jarraitu behar dugu, baina ez dakigu egunen batean gure lurren ustiaketan jarraitu ahal izango dugun», azaldu du Kenichi Seto, 52 urteko baserritarak.