Madrilgo Complutense Unibertsitatean Troitiño atxilotzeko agindua salatu dute
Ika-mika piztu du Madrilgo Complutense Unibertsitatean nazioarteko bilatze aginduen, inkomunikazioaren eta torturaren aurkako mezuekin agertu den pankartak. Errektoreak eta dekanoa ere azalpenak ematera agertu ziren, azken horrek kentzeko agindua eman zuen arte. Edonola ere, Antton Troitiñoren aldeko aldarria Madrilen ere entzun da.
GARA |
Euskal Herrian ez ezik, Madrilgo Complutense Unibertsitatean ere euskal militanteen bilatze eta atxilotze aginduak salatu dituzte egunotan. Dirudienez, Antton Troitiñoren bilatze agindua salatzea zuela helburu. Atzo jaso zuten berria hedabideetan, nahiz eta pankartak «hainbat egun» zeramatzan unibertsitateko pasilloan. «Zu pankarta hau irakurtzen ari zaren artean, euskal militante baten bila dabiltza, nazioartean atxilotua, inkomunikatua eta torturatua izan dadin», zioen azkenean erretiratua izan den pankartak. Edonola ere, ika-mika piztu zuen kartelak unibertsitatean, Contrapoder eta Macondo taldeek eurek ez zutela jarri esan zuten, baina nork jarri duen jakinda ere ez luketela esango azalduz. Ez da lehen aldia unibertsitate honetan gisa honetako mezuak zabaltzen dituztena, duela hilabete Sorturen legeztatzearen aldeko beste bat jarri baitzuten.
Bestalde, «Bizi arteko zigorrik ez!» lelopean Donostian gaur iluntzeko zazpietan egitekoa den manifestazioa debekatzeko eskatu zuten talde ultraeskuindarrek.
Gaur, era berean, hileko azken ostiralarekin batera, euskal presoen eskubideen alde mobilizazioak izango dira Euskal Herrian. Ingurumari honetan, Durangoko dendari eta tabernariek «preso politikoen egoerak kezkatuta urrats bat ematea» erabaki dute, Egin Dezagun Bidea ekimenaren harira. Horrela, euskal presoak Euskal Herriratzeko exijitzen duen banderola jarri dute euren saltokietan. «Zure laguntza ere behar dugu, gero eta saltoki gehiagotan urratsa emanez, ozenago oihukatuko baitugu espetxe politika aldatzeko aldarria», azaldu eta azken ostiraleko mobilizazioetan parte hartzera deitu zuten.
Presoen alde Zizurkilen
Aiztondo bailarako presoen senide eta lagunek, bestalde, II. Aiztondora! Elkartasun Eguna antolatu dute biharko Zirzurkil Goian. Iaz Amasa-Villabonan egin zuten ekimen honen lehen edizioa. Eguerdian hasita, egun osoko egitaraua prestatu dute presoekiko elkartasunean. Eguerdian gazteen pilota partidak eta herri-kirol saioak izango dituzte, eta herri bazkaria egingo dute gero, 14.30ean, plazan.
Bazkalondoan, «dispertsioaren aurkako» ekitaldia eta senideei omenaldia egingo diete. Arratsaldean, haur jolasak izango dira, Herria Kantuz ekimena ondoren, eta bertso saioa 22.30ean.