«Zorionez, musikaren industriari bukatu zaizkio urrezko garaiak»
Erantzun taldeak hamahiru urte bete ditu musikaren bideetan, eta hori ospatzeko emanaldi berezia prestatu du bihar gauerako Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Euskal Herriko underground musika eszenan erreferentea da talde zarauztarra. Euskal Herrian ez ezik, Europan eta Hegoamerikan burutu dituzte kontzertu birak, eta bidean, iraupen luzeko lau disko argitaratu dituzte.
Koldo OTAMENDI |
Erantzun taldea duela hamahiru urte sortu zen Zarautzen. Musikalki, hardcorearen orbitan abiadura biziko zarata jorratu izan dute beti. Euskal Herriko gaztetxe eta gune okupatu ia guztietan aritu izan dira. Atzerrian, Europa zaharrean lau alditan izan dira, eta 2009. urtean Hegoamerikan izan ziren hilabete inguru iraun zuen kontzertu biran. Euskal Herria, Estatu espainola, Portugal, Estatu frantsesa, Belgika, Holanda, Alemania, Suedia, Finlandia, Estonia, Lituania, Polonia, Txekia, Eslovenia, Italia, Suitza, Austria, Kolonbia, Ekuador, Txile, Peru edota Argentinan zuzenean jo dute, urte hauetan guztietan emandako 300 kontzertutan. Euskal Herriko eszena undergroundean letra larriz idatzi beharreko izena da zarauztar hauena, nahiz eta bere jarduna erabat ezezaguna izan askorentzat. Eszena komertzialetik at ibiltzeak dakarren ikusezina izate moduko hori jasan izan dute sarri.
Diskografikoki ere uzta oparoa bildu dute: maketa bat eta iraupen luzeko lau disko kaleratu dituzte, guztiak autoekoizpen bidez eta banatzaile alternatiboekin elkarlanean: «Burmuinak astinduz» (2003), «Ez genuen ezer egin» (2006), «Bizitza halabeharrez askatasuna erabiltzera behartua sentitzea da» (2007), eta «Hazia ernaltzen duen tanta» (2008). Gainera, zenbait split disko burutu dituzte: «Askatasunagatik borrokan» (Erantzun + Afganistan yeyes, 2006) eta «Y ya no veo motivos para no ser como ellos» (Erantzun + Insultos al Gobierno, 2006). Do it Yourself (DIY) leloa, hau da, «Egizu zuk zeuk» delakoa izan dute beti bizi filosofia, autoekoizpen hitza koherentzia osoz landuz eta jorratuz. Zenbait aldaketa jasan dituzte taldean, eta aurrera egin izan dute beti. Egun, Saltxik (ahotsa), Murrayk (baxua), Arrik (bateria) eta Hodeik (gitarra) osatzen dute Erantzun. Azken hori izan dugu mintzalagun.
Hamahiru urte hauek ospatzeko kontzertu berezi bat egingo duzue larunbatean.
Urte hauetan guztietan gure inguruan jardun diren guztiei eskerrak emateko kontzertu bat izango da. Bidean erakutsi eta lagundu digutenei omenaldi xume bat. Horretarako, aurrena afaria egingo dugu Putzuzulo Amets Fabrikan, eta horren ostean egingo dugu kontzertua. Kantuen zerrenda gutxi gorabehera azkenaldian jotzen ari garena izango da, aspaldi jo gabeko kantu batzuekin batera. Urte hauetan gurekin abesten jardundako lagun batzuk ere izango dira taula gainean. Kontzertu hau eta 13 urte hauetako irudi guztiak bilduko dituen DVD bat prestatzen ari gara. Gauzak ondo joanez gero, uda ondoren prest izatea da gure asmoa.
Zuentzako oso berezia den leku batean egingo duzue grabaketa, Zarauzko Putzuzulon.
Putzuzulo gure bigarren etxea da. Bertan antolatzen ditugu kontzertuak eta Xakela gaztetxe asanbladako kide gara. Gure amets asko bete ditugu bertan eta amets hau ere bertan bete nahi dugu. Horrelako kontzertu bat egiteko gune naturala da. Etxean eta etxekoekin!
Diskografikoki uzta oparoa izan duzue eta disko gehienak biniloan argitaratu dituzue. Moden gainetik, filosofia bat?
Filosofia izateaz gain, gutizia ere bada guretzako. Taldean oso binilozaleak gara. CD formatua ez dugu batere gustuko, eta ahal izan dugun guztia biniloan editatu izan dugu.
Split lanak ere badituzue. Beste taldeekin konpartitzea taldearen bizi joera bat duzue?
Talde moduan oso interesgarria iruditu izan zaigu beti aukera hau. Beste jende bat ezagutzeko parada bikaina da, eta elkarlan horrek asko erakutsi ahal dizu. Diskoa zabaltzeko orduan ere bien artean banatzen da lana eta beste taldearen entzuleak zure musika entzuten jartzen dituzu, eta alderantziz.
Diskoak zabaltzeko, banatzaile alternatiboak eta diskoen trukeak erabiltzea ohikoa duzue.
Zorionez musikaren industriari bukatu zaizkio urrezko garaiak. Orain betidanik izan diren joera asko berreskuratu dira, eta hein horretan musikak osasunean irabazi du. Musikan, eta musikatik aparte, azken urteetan oso ohitura txarrak hartu izan ditugu. Jasangarria ez den eredu bat sortu nahi izan dugu, eta badirudi orain berriz oinarrietara itzultzen ari garela. Ez da ezer berria, betidanik egon dena baizik. Guk gure diskoak beti aldatu izan ditugu beste taldeen lanekin. Horrela, zure diskoak toki ezberdinetan zabaldu ahal dituzu eta zuk trukean gauza bera egiten diezu beste taldeei. Musika zabaldu eta jendea ezagutzeko oso bide egokia eta aberatsa da. Diru hutsean oinarritzen ez den eredu bat bultzatzean datza. Barazkiak zuzenean baserritarrei erostea bezala. Supermerkatu handietan erosi edo zuzenean merkatuan erostea bezala.
Zuen musika definitzeko, hardcorea, abiadura biziko fastcorea edo zergatik ez, «zarata» hitza ere erabili izan duzue.
Hardcore musika egiten dugula esan dezakegu. Oso azkarra delako fastcore esanda ere definitu izan gaituzte, eta «zarata» hitza guk geuk ere asko erabili izan dugu. Asko gustatzen zaigu hitz hori, beste asko baino orokorragoa delako. «Oihuak eta amorrua» hitzak urteetan erabili dugu kartel askotan.
Bide horretan, underground hitzari gehiegizko erabilera eman zaiolakoan al zaudete?
Gaur egun etiketa guztiak daude jada erabiliegiak. Gure kontsumoa, estetika eta jarrera asko etiketa horietan oinarritzen ditugu, eta etiketak beraiek sortzen dituzte distantzia handienak. Definitzeko tresna gisa erabili nahi ditugun etiketa hauek gure mugarik handienak bilakatu zaizkigu. Gure artean distantzia gehiago sortu besterik ez dutela egiten iruditzen zait sarritan. Hau hiri handietan askoz ere nabarmenagoa dela ikusi dugu, baina herrietan ere gero eta presentzia handiagoa dute.
Bide horretan ez da oso ohikoa taldea komunikabideetan azaltzea. Musika era hau minoritarioa dela argi jakinik ere, erreferenteak falta dira musika komunikabideetan?
Egia da gure estiloko taldeek oihartzun gutxi izaten dutela komunikabideetan. Lan ikaragarriak eta sekulako lorpenak egin dituzten taldeak ditugu etxe ondoan, eta uste dut ez dutela merezi duten oihartzunik izan. Estiloak estilo, lan horrek guztiak merezi du komunikabideetan isla izatea. Musikari buruz informatzea bada hainbat komunikabideren lana, eskuragarrien dagoen musika eszenara mugatzea sekulako akatsa iruditzen zait. Tristea da, baina komunikabideetan ere musika talde handiek eramaten dute pusketarik handiena. Erreferenteak falta dira, erreferenteak sortzeko adinako kasu egiten ez digutelako. Europa osoan makina bat bira egin, eta hala ere kasurik egiten ez dieten taldeak askotxo dira hemen inguruan, eta horiei arreta gehiago ez jartzea ez da bidezkoa.
Taldeko zenbait kidek beste musika egitasmoetan hartzen duzue parte.
Erantzun taldeko ia denok beste talde batzuetan jotzen gabiltza. Hori izan da azken urtean kontzertuen erritmoa pixka bat jaitsi izanaren arrazoia. Hainbat urtetan ia astero jotzen egon ostean, orain beste proiektu hauei eman diegu lehentasuna. Murray baxua eta ni Humilitate taldean gabiltza buru-belarri. Oraintxe kantu berriak grabatu ditugu, eta Ameriketako Estatu Batuetan udan egingo dugun bi hilabeteko bira prestatzen ari gara. Arri-k Metralleta taldean jotzen jarraitzen du, eta Ernia taldea ere osatu berri du Anestesiako kide batekin. Saltxi abeslaria ere Jes Extender proiektua sortzen ari da Inor Ez! eta beste hainbat taldeetako kideekin.
«Do it Yourself» (DIY) edo «Egizu zuk zeuk» filosofiari heldu dio taldeak. Gurean gero eta gehiago erabiltzen den joera da honakoa. Nola bizi duzue zuek DIY mugimendua?
«Egizu zuk zeuk» filosofia zuk hala nahi duzulako hartzen duzun jarrera da. Beste aukerarik ez duzulako zure diskoak zeuk ekoizteari ez nioke DIY filosofia deituko, eta hori gertatu da azken urteetan. Musikaren industriaren gainbeherarekin talde askok beren diskoak ekoiztu behar izan dituzte, halabeharrez. Norberak bere proiektuak landu, ekoiztu, banatu, aukeratu eta gozatzea beste kontu bat dela uste dut. Ditugun jarrerak, halabeharrez, edo benetan horretan sinetsita hartzea oso gauza ezberdinak dira.
Musika eszena honetako parte izatea bi norabidekoa izan ohi da. Hartu eta eman. Euskal Herrian egiten diren kontzertuen antolakuntzan parte garrantzitsua zarete taldeko zenbait kide. Osasunez, ondo al dago gure eszena?
Sasoi onean dagoela esango nuke. Azkenaldian egunero daude mota guztietako kontzertuak eta gehienak oso prezio duinetan. Areto profesional handietatik kanpo zuzeneko musika piloaz gozatu dezakegula iruditzen zait. Guk, esaterako, kontzertu asko antolatzen ditugu: Putzuzulon, Getarian, Mogambon... Kontzertuak eta antzerako ekitaldiak antolatzeak berebiziko garrantzia izan du gure nortasunean. Bai kanpora joateko orduan kontaktuak eta lagunak egiteko, bai antolatzaileek duten meritua eta errespetua hobeto ulertzeko. Antolatzaileen kezkak ulertzen ikasten duzu. Musikari guztiak jarriko nituzke antolatzaile paperean. Seguru hobeto baloratu eta errespetatuko genukeela elkar.
Euskal Herrian, estatu espainolean, Europan eta Hegoamerikan eskaini dituzue kontzertuak. Lau eszenen arteko ezberdintasunak handiak al dira?
Euskal Herrian, orokorrean, baldintza onekin eta oso kilometro gutxian toki ezberdin askotan jotzeko aukera dago, eta hori eskertzekoa da. Estatu espainolean, antzekoa da. Agian jotzeko ez daude hainbeste areto, baina zirkuitu txukuna dago. Europan, estatuaren arabera asko aldatzen dira gauzak. Alemanian adibidez, sekulako tokiak daude eta oso harrera ona eskaintzen dizute: janari asko, edaria, lotarako tokiak... Europako ekialdean aldiz, baldintzak eskasagoak dira baina ikusleak sutsuagoak. Hegoamerikan ere antzeko zerbait gertatzen da. Baldintza teknikoak oso eskasak dira, eta ikusleen jarrera oso basatia. Jendearen interesa oso handia da eta gure kantuen letren inguruan ere hitz egiten ziguten askok. K. O.