Pako Sudupek 50. urteetako euskal literatura ezezagunari argi pixka bat egin dio azken lanetan
Utriusque Vasconiae argitaletxeak 50eko hamarkadako euskal literaturari buruzko hiru liburu kaleratu ditu. Ziurtatu dutenez, irakurlea harrituko duten makina bat berritasun dituzte Pako Suduperen lanek.
Maider IANTZI |
Korrika igaro eta «euskalakari» hitza ezagun egin den honetan, «kulturakariak» egiteko balio dezaketen hiru liburu aurkeztu ditu Utriusque Vasconiae argitaletxeak. Pako Sudupek idatziak dira eta «50eko hamarkadako euskal literatura» dute izenburu: batean hizkuntza eta ideologia eztabaidak aztertzen ditu; bertzean kazetaritza eta saiakera; eta azkenekoan, antzerkia eta garaiko ikuspegi orokorra. Egileak atzoko aurkezpenean adierazi zuenez, aspaldi hasi zen lan honekin, Nemesio Etxaniz apaiz azkoitiarraren liburuak eta gutunak topatu zituenean. Parisera ihes egin zuen Andima Ibinagabeitia bizkaitarrarenak irakurri zituen, eta ondotik, Lafitteren, Salaberriren eta Larzabalen idatziak ezagutu zituen. «Hala hasi nintzen 50ko hamarkadaz zaletzen, Hegoaldean frankismoaren zentsura latzaren azpian eta Iparraldean agintarien mespretxupean landutako euskal kulturgintza maitatzen, eta neu ere euskal `kulturakari' bihurtzen».
Zaletasun horren fruitua da lan hau, 50. urteetan olerkian, antzerkian, kontagintzan eta kazetaritza-saiakeragintzan euskaraz egin zen kulturgintzaren mapa moduko bat.
«Badugu hor zulo beltz bat, gure kulturaren espazioan, gerlen ondoko aldi-bitarte horretan. Egun ere, denek 60ko hamarkadan abiarazten dute euskararen hein bateko berreskurapena. Iluna, ezezaguna, katakonbetakoa izaten jarraitzen du 50eko hamarkadak. Frankismo guztiko euskal kulturgintza da aski ezezaguna, eta 50ekoa ezezagunetan ezezagunena». Hortaz, argi pixka bat egin nahi luke idazleak iluntasun horretan, eta argi indartsuagoz hurbildu nahi dutenak adoretu ere bai, euskal kultura ezagutzen saiatuz gero, uste baino aberatsagoa gerta bailiteke.
Ondoan izan zituen Sudupek argitaletxeko kide Paulo Iztueta eta Joseba Intxausti, idazle kontuetan «hamarkada horretako umea». Intxaustik azaldu zuenez, ongi dokumentatutako lan zabal honek berritasun ezezagun anitz dakar, eta gure historiaren hutsune bat betetzen du.