GARA > Idatzia > Kultura

Bihar hasiko da Literaldia, Bartzelonako euskal literaturaren jaialdia

GARA |

Hainbat euskal idazle Bartzelonan izanen dira hemengo literatura ezagutarazten bihar hasi eta maiatz bukaera arte eginen den Literaldian. Euskal literaturaren besta honetarako, egitarau betea prestatu dute Euskal Etxeak, UABk, UBk eta Hizkuntz Eskolak, eta Kirmen Uribek, Anjel Lertxundik eta Jabier Muguruzak parte hartuko dute, bertzeak bertze.

Kantuz abiatuko dute jaia, bertso afari batekin. Alaitz Rekondo ariko da aurkezle lanetan, eta Eneko Lazkoz eta Jon Elizetxe abesten. Asteazkenean, Hedoi Etxartek «Ihes ederra» liburuaren inguruan sortutako gaien hizketaldia eginen du; eta ostiralean, queer irakurketak eginen dituzte (euskal) literaturaz: Nola kontatu ditu lesbianen arteko harremanak? Nolakoak dira pertsonaia gay-ak eleberrietan? Ba ote dago ezaugarri komunik? Egin ote liteke herri literaturaren irakurketa lesbiko bat? Halako galderei erantzuten saiatuko dira.

Hurrengo egunean ere, maiatzaren 7an, gai hau jorratuko dute, baina poesia errezitaldi batean.

Anitzez ekitaldi gehiago izanen dira, Alvaro Ocariz donostiarraren liburu aurkezpena eta poesia errezitaldia, adibidez. Gabriel Celayaren ehungarren urteurrena ospatzeko kaleratutako liburua da. Bertan, bere poesia jasotzeaz gain, gaur egungo gizartea bizitzeko artista hau ezinbertzekoa izan zela frogatzen du. Koldo Izagirrek ere bidaiatuko du Kataluniako hiriburura, hitzaldi bat emateko. «Euskaraz egitea, tu egitea da. Garbitasuna zikintzea, normaltasuna apurtzea. Hizkuntza da, baina ezintasunaren eredu. Gaztelania ez zaio inoiz inori inon inposatu; Errege batek esana da, eta ez da euskarari eginiko agresioa hala ere. Euskaraz mintzatzean (demokratek emandako) eskubide bat gauzatzen ari gara. Zenbat horrelako! Zapalketa gogor bat ari gara kontatzen euskaraz egiten dugun aldiro», dio idazle honek.

Eskuen sustraiak

Bertze ekintza baten izenburua «Eskuen sustraiak» izanen da. Oier Guillanek izen berarekin idatzitako poesia liburuan oinarritutako errezitaldi dramatizatua da.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, poema bakoitzaren ezaugarrien gainean eraiki dute ekitaldiaren une bakoitza; musikarekin eszenak sortu dituzte, pinturaren arabera antolatu dute espazioa eta poema bakoitzari dagokion ahots-lanketa bilatu dute. Ahotsak eta hitzak Asier Sarasolak eta Oier Guillanek jarriko dituzte; musika Ander Fernandezek; eta, azkenik, pintura Idoia Beratarbidek eginen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo