Patxi Meabe Justizia eta Bakea Idazkaritza Soziala
Botoa eman, bai; baina zertarako?
Aginpidea herriarena baita, herri osoarena, gizabanako guztiei egin behar die erreferentzia eta hor sartu behar dute herritar guztien eskubide indibidual eta kolektibo guztiak, horixe baita, hain zuzen ere, eta ez beste ezer, guztion ona
Datorren maiatzaren 22an, foru aldundi eta udaletarako hauteskundeetan parte hartzeko deia egingo zaigu Euskal Herriko biztanle guztioi. Hauteskunde hauetan, halakoetan izaten diren ohiko zalantza eta egonezinez gainera, beste elementu bat izango da herritarren botoa emateko eskubidean ezinbesteko eragina izango duena: ezker abertzaleak uko egin baitio, azkenean, indarkeria armatua tresna politiko gisa erabiltzeari eta, horrekin batera, ETAk alde bakarreko su-eten mugagabe eta egiaztagarria iragarri baitu.
Edozein dela ere botoa emateko eskubidea duen herritar bakoitzak gertakari horien aurrean izan dezakeen postura, kontua da hauteskundeak egin egingo direla. Eta emaitzek garrantzi berezia izango dute. Hain zuzen ere, hauteskunde hauen inguruan gertatzen ari den guztiagatik. Nahikoa arrazoi izan behar luke horrek norberak inoiz baino seriosago har dezan dagokion erabakia. Botoa emateko edo ez emateko, alde batekoei edo bestekoei emateko. Botoa emateko eskubidearen aurrean hartzen den posturak beti izango ditu ondorio politikoak: ez dago horren aurrean axolagabe geratzerik. Are gutxiago bizi dugun egoeran, bereziki garrantzitsuak izango baitira, diotenez, gure herriaren etorkizunerako.
Hori horrela izanik, beste ezer baino lehenago, honako hau eskatu beharko litzaieke guztiei, gizabanakoei eta taldeei, herritar eta agintariei: aitor dadila, pertsona ororen eskubide demokratiko gisa, askatasunez botoa emateko eskubidea. Herriari egozten bazaio aginpide demokratikoa, ondorioz, herritar guztiei eta bakoitzari aitortu behar zaio eskubide hori, eta ezingo da berorren egikaritza debekatu, ez eta Estatuaren beraren aginpidez ere, ez bada oso kasu berezietan eta guztion onak justifikatutako arrazoiengatik, baina ez interes partikularren edo aukera alderdikoien mesedetan.
Botoa emateko eskubide demokratikoak xede jakin bat eduki behar du, berori justifikatzen duena, hau da, aginte publikoaren azken arrazoia den helburua gauzatzea. Helburu hori agintariak zerbitzatu behar duen erkidegoko guztion ona bilatzea da. Erkidego politikoaren aginpidea herriarena izateak -eta, ondorioz, hura osatzen duten herritar guztiena eta bakoitzarena- ez du eragozten autoritatearen izateko arrazoia eta justifikazioa, beti, erkidego politiko horren ongia izatea, alegia, erkidegoa osatzen duten pertsona guztien eskubide guztiak aitortu behar ditu, hala gizabanakoarenak nola kolektiboak.
Autoritatea ez da existitzen agintean daudenei mesede egiteko, ezta haiek hautatu dituzten pertsona zehatzei ere. Autoritatea, politikoa edo administratiboa izan, erkidegoa osatzen duten guztien ongiaren funtzioan existitzen da. Ez dago hura justifikatzeko beste modurik. Herri demokraziak demokrazia izaera galtzen du baldin eta bere xedea agintean dauden alderdien interesak zerbitzatzea bada. Ez da hori guztion ona, eta guztion onarekiko erreferentziarik gabe, aginpidea ez da benetan demokratikoa. Sufragio unibertsalari dagokion demokrazia ez da herriaren zati batena, zati hori gehiengoa izanik ere, baizik eta herri osoarena, nornahi dela ere agintean dagoena.
Zerbitzatu behar duen herriaren osotasunaren ikuspegi horretatik bakarrik hartzen du benetako zentzua agintea herriari egozteak. Haren izenean agindu beharko dute botoen bidez eta alderdi politikoen bitartekaritza dela medio hautatuak izan diren pertsonek. Aginpidea herriarena baita, herri osoarena, eta horrexegatik, hain zuzen, herri osoaren zerbitzuan egon behar du. Herria osatzen duten gizabanako guztiei egin behar die erreferentzia, eta hor sartu behar dute herritar guztien eskubide indibidual eta kolektibo guztiak, horixe baita, hain zuzen ere, eta ez beste ezer, guztion ona.
Benetako demokrazia gauzatzeak berarekin dituen dimentsio horiek guztiak eta horretarako dauden bideak hartu beharko dira kontuan botoa nori eman erabakitzeko momentuan. Botoa alderdi bati ematen zaio, hala eskatzen baitu herritar guztien eskubide zibiko-politikoak aitortzen dituen gizarte bati dagokion pluralismoak. Baina alderdi bati emandako botoaren bidez lortu beharreko ongia ezin da alderdi horri mesede egitera mugatu. Aitzitik, erkidego osoari on egiten saiatu behar du, dela estatu osokoa, autonomia erkidegokoa, foru lurraldekoa edo udalerrikoa. Norberari fidagarriena iruditzen zaion alderdiari eman behar zaio botoa, aginpide publikoaren xedea ongien zerbitzatuko duenari, alderdien bitartekotzari esker. Xede hori gizartearen ongia izango da, momentu honetako egoeran, baina baita etorkizuneko perspektibarekin ere, norberaren balorazioen arabera, norberaren kontzientziatik abiatuta.
Azken urteotan herritarrei egiten zaizkien inkestek argi erakusten digute gizarteak estimazio eskasa diela, ez bakarrik politikariei, baita politikari berari ere, edo nahiago bada, politikariek gauzatzen duten politikari. Geuk hautatu behar ditugu pertsona horiek, eta beharrezkoak zaizkigu, ordezkaritzan oinarritutako eredu demokratiko honen muina betetzea nahi badugu. Aurrean ditugun errealitate hauen aurrean, logikak eskatzen digu konfiantza handiena merezi diguten alderdiak, programak eta pertsonak aukeratu behar ditugula. Eta konfiantza hori, jakina, hautagaien eta izango duten aginpide publikoaren izateko arrazoia den helburuari erreferentzia eginez neurtu beharko da.