Zaragozaren aurkako neurketa prestatzen
Hiru puntuak ezinbesteko, nahasmenari aurre egiteko
Fernando Sorianoren ustez, igandean irabaztea garrantzitsua da, emaitzak aldrebes ari baitira etortzen.
GARA | IRUÑEA
Kirolean, eta futbolean gehienbat, topikoak eguneroko elikagaia izaten dira hedabideentzat. Jokalarien edota entrenatzaileen adierazpenak errepikapen hutsak izaten dira askotan. Baina futbolean beste gauza asko gertatzen dira; batzuk ulergarriak, beste batzuk ez hainbeste.
Azken honetaz ohartu da Fernando Soriano Osasunako jokalaria. Talde gorritxoa ez dago denboraldi hasieran nahi zuen postuan, eta jokalariak kontuak egiten hasi dira jada Lehen Mailan mantentzeko. Erdilariari matematikei so egitea gustatzen zaio, baina ez dutela ezertarako balio adierazi zuen atzo.
«Emaitzak aldrebes ari dira ematen; hasieran inork ez zuen pentsatu momentu honetan Getafe egongo zela jaitsierako lehen postuan, 37 punturekin. Liga nahasita dago eta ezin dugu puntuetan pentsatu. Kontuak egitea gogoko dut, baina ideia guztiak atzera bota dizkit Ligak. Denbora galtzen ari naiz», azpimarratu zuen gorritxoak.
Hiru puntuak lortzea ezinbestekoa dute nafarrek, eta horretarako Zaragozari irabazi behar diote igandean (21.00etan). Soriano bertakoa da, eta talde horretan aritu zen jokalari bezala. Beraz, inork baino hobeto daki bi taldeak neurtzen direnean zer-nolako giroa sortzen den harmailetan: «Gertu bizi gara, beraz, lehia badago. Pena da, askotan kirol arloa gainditzen baita. Beste giro bat egotea gustatuko litzaidake. Behin hau esanda, momentu honetan Osasuna defendatzen ari naiz eta zelai barruan ez dago nostalgiarik».
Giro beroa Zaragozan
Iruñetik kilometro gutxira lehiatzeak ez du esan nahi igandeko neurketa etxean jokatzea bezala izango denik. Izan ere, Romaredara jarraitzaile gorritxo ugari animatzera joaten bada ere, Zaragozako zaleek gogor animatuko dute euren taldea, haiek ere Lehen Mailan mantentzeko borrokan baitaude.
«Futbol-zelai betea ikusiko dugu, eta kontzentrazio, intentsitate eta tentsio ugari edukiko duten bi talde elkarren kontra arituko dira. Hori bai, haiek ikusleen plusa dute. Hala ere, zer ari garen jokatzen argi dugu, galduz gero, asteazkenean hil ala biziko beste final bat jokatuko beharko baitugu. Baina orain Zaragozaren aurkako neurketan pentsatu behar dugu, lau partida dauzkagulako eta bat ere ez dugu galdutzat eman behar», aipatu zuen Sorianok.
Taldearen beharrak direla-eta, garaipenean bakarrik pentsatu nahi du erdilariak: «Irabaztera joan nahi dut. Talde gutxik planteatu dezakete berdinketaren bila joatea. Aurkariaren bila joatea planteatu behar dugu».
Azkenik, taldea nola dagoen aipatu zuen: «Tentsioarekin gaude; beldurra sortzen duten ostikadak jotzen ditugu entrenamenduetan. Denetarako prest gaude, konfiantza dugu taldean eta beldurrik gabe gaude. Igandea iristeko irrikan gaude, itxaronaldia okerrena baita».
Pandiani, Sergio, Nekounam eta Monreal erritmo apalagoan aritu ziren atzoko entrenamenduan. Bestalde, Flañok eta Vadoczek taldekideetatik aparte osatu zuten jardunaldia, eta Masoudek ezin izan zuen entrenatu, lesionaturik jarraitzen baitu.
El Zaragoza completó ayer un nuevo entrenamiento, a puerta cerrada, en la Ciudad Deportiva. Edmilson realizó trabajo individual en el gimnasio y hoy se incorporará al trabajo del grupo con normalidad. Por su parte, Nico Bertolo y Saïd Boutahar pudieron completar la sesión.
El que sigue siendo duda para este domingo es el defensa Lanzaro, ya que sufre «un edema miofascial en los isquiotibiales del muslo izquierdo secundario a una fuerte elongación muscular», por lo que mantiene tratamiento médico y de fisioterapia.
Hoy vuelven al trabajo, de nuevo a puerta cerrada. GARA
Lehen Mailan mantentzeak duen garrantziaz jabetuta, Zaragozak prezio berezian jarri ditu sarrerak taldearen jarraitzaileentzat. Bazkideek 5etik 15 eurora arteko prezioan erosi ahal izango dituzte, eta gainerakoek 25etik 90 euro arteko prezioan ordaindu beharko dute.
Zaragozaren aurkako igandeko neurketaren garrantziaz jabetuta, eta astearteko jai eguna atzean utzita, Osasunako jokalariak atzo bueltatu ziren entrenamenduetara. Taxoaren egingo dute lan saioa Jose Luis Mendilibarren gizonek, 10.30etik aurrera.