GARA > Idatzia > Kultura

Zortzi hilabeteko lehia izango du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak

Lau urteren ostean Gipuzkoan bertsolari txapelketa ospatuko da berriz ere. Hala ere, aurtengoa ezberdina izango da; izan ere, inoizko txapelketarik luzeena izango da, igandean hasi eta abenduaren 18an amaituko baita Donostiako Illunben. Lehiaketan 76 bertsolari arituko dira eta 26 herritan izango dira zortzi hilabetetan egingo diren 26 saioak.

p040_f01_203x108.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Inoiz baino lehenago eta indartsuago ekin dio Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Bertsolari Txapelketari. Izan ere, datorren igandean hasiko da Orion eta abendura arte izango dira bertso saioak, Donostian ospatuko den finala iritsi arte. Guztira, 76 bertsolari izango dira aurten lehian, horietatik 23 lehen aldiz, eta Gipuzkoako 26 herritan zehar ibiliko dira.

Lehen fasea igandean hasiko da Orion eta maiatza eta ekaina bitartean ospatuko da. Gero, udaren ostean, final-zortzirenak hasiko dira irailean 2007ko finalerdietara iritsi zirenak partaideen zerrendara gehituz. Final-laurdenak urrian izango dira 2007ko finalistekin batera eta, azkenik, abenduan Donostiako Illunben izango da finala. Gainera, 2007ko txapeldunak, Aitor Mendiluzek, ez du parte hartuko, beraz, Gipuzkoak txapeldun berria izango du aurten.

Txapelketa honetan, 2007an bezala, marka Gpuntua izango da, urte hartan lortutako erreferentzialtasunak emandako indarrari eusteko. Topagune izatea, bertsolaritzaren sarea izatea eta eragile ezberdinen artean zubiak eraikitzea du helburu marka honek.

«Lau urtetan Gipuzkoako errealitatea aldatu egin da, baita Gipuzkoako bertsolaritza ere; eta aurtengo txapelketak Gipuzkoako bertsoa islatzeko eta haizatzea du helburua», azaldu zuen atzoko aurkezpenean Saroi Jauregik, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak. «Gipuzkoan bertsolaritza sendo dago. Bertso eskoletan eta hezkuntza arautuan proiektuak aurrera darraio indar betean, eta horren adierazle eta isla da aurtengo txapelketako parte-hartzaileen maila eta kopurua», gehitu zuen.

Edizio guztietan bezala, kanpora begirako helburuak finkatuak dituzte. Alde batetik, Gipuzkoako bertsogintzaren isla izatea eta bertso mundua gizarteratzea da ekimen honen bidez lortu nahi duten emaitzetako bat. Gainera, aurten bertso eskolei garrantzi berezia eman nahi izan diete antolatzaileek, egunero egiten duten lana txalotuz, baita horien parte hartzea bultzatuz ere. Txapelketak oihartzun handiagoa izan dezan, www.gpuntua.com web gune berria martxan jarri zuten atzo Facebook eta Twitter sare sozialetako profilez gain. Bestetik, parte hartzeak garrantzi handia duenez, bertsozaleak aktiboki aritzea ere bada helburu eta, horrekin batera, bertsozale elkarteen proiektua indartzea, gizarteratzea eta esparru berrietara gerturatzea ere.

Herritarren parte-hartzea eta bertsolaritzaren hurbilketa oinarri nagusietako bat izanik, aurten bazkariak antolatu dituzte saio bakoitzean. Sarrerak Internet bidez lortu ahal izango dira www.bertsosarrerak.eu web gunean.

Lehen fasean, gainera, ahalegin berezi bat egin dute Txapelketa lehen aldiz hainbat herri txikitara iristeko. «Ahalegina egin dugu herri txikietan ospatzeko, herritartasuna bultzatzeko. Adibidez, Gabirian lehen aldiz izango da Txapelketa», azaldu zuen Elkarteko koordinatzaile Oroitz Azurmendik.

76 ahots, 26 herri

Mutriku, Soraluze, Gabiria, Idiazabal eta Tolosa dira Txapelketako saioak izango dituzten 26 herrietako batzuk. Lehena, Orio izango da igandean egingo den saioarekin. Bertsolariak bi taldetan banatuta arituko dira, goizean eta arratsaldean egingo baitira saioak fase honetan. Maiatzean bost saio izango dira eta ekainean bakarra.

Udaren ostean hasiko dira saioak berriz, hain justu, irailaren 17an Andoainen eta, bertan, lehen fasetik igarotako 32 bertsolariei 2007an sailkatutako beste hamar gehituko zaizkie final-zortzirenetako zazpi saioetan. Gero, urrian beste bost saio ospatuko dira final-laurdenetan eta aurretik sailkatutako 24 bertsolariei 2007ko sei elkartuko zaizkie.

Azaroan, Arrasaten, Tolosan eta Hernanin ospatuko dira finalaurrekoak eta, abenduaren 18an, Donostiako Illunben, azken zortzi sailkatuak arituko dira finalean.

HILABETE HONETAN

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren lehen fasea Orion hasiko da igandean, 14an Mutrikun eta Alegian izango da aldi berean, eta 15ean Soraluzen eta Lezon. Amezketan eta Usurbilen 28an, Gabirian eta Aretxabaletan 29an eta Zumarraga-Urretxun ekainaren 5an izango dira ondorengo hitzorduak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo