GARA > Idatzia > Mundua

Sirian atxilotuak zortzi mila lagun inguru izan litezkeela ohartarazi dute

Liskarrak hasi zirenetik sei astera, giza eskubideen aldeko erakundeak zifrak ematen hasi dira. Atxilotuek jasan dezaketen tratu txarra dela-eta kezka agertu du AIk. Bestalde, erregimenak salaketak iragarri ditu, atxilotuei «Estatuaren prestigio degradatzea» egotziko diela-eta.

GARA | DAMASKO

Siriako liskarrak lehertu zirenetik sei aste bete direnean, gatazka horrekin zerikusia duten zifrak aipatzen hasi dira giza eskubideen aldeko hainbat erakunde, eta batetik besterako aldea nabarmena izan arren, guztiek utzi dute agerian borroken krudeltasuna. Insan erakundeak, hain zuzen, atxilotuak 8.000 inguru izan litezkeela ohartarazi zuen atzo. Wissam Tarif ordezkariak esplikatu duenez, 2.800 lagunen atxiloketa baieztatu ahal izan dute, baina beste 5.000 lagun non dauden berri zehatzik ez dute: «Horrek, hain zuzen, okerrena pentsatzera garamatza», ziurtatu du.

Uneotan esku artean dituzten zifrak are larriagoak bihur litezkeela gaineratu du, ordea, «egunean batez beste 500 lagun preso hartzen dituztela aintzat hartuta, eta epe laburrean borrokak ez direla amaituko aurreikusita, kopuruak gehiagora jo bailezake».

Giza Eskubideen Nazio Erakundea zuhurragoa izan da datuak ematean, eta oraingoz, mila lagun ingururen atxiloketa baieztatu ahal izan dutela jakinarazi dute. Horiek guztiak, alabaina, Bachar al-Bassad presidentearen jarraitzaileek Dara hirian azken hiru egunetan egiten ari diren ofentsiban atxilotu dituztela erantsi dute. Egoeraren larritasuna zenbaterainokoa den adierazten du horrek.

Halaber, hilabete eta astebeteko tartean 607 hildako zenbatu dituztela nabarmendu du; baina ziurrenik datuok puztu egingo dira orduak aurrera joan ahala, lurrean dozenaka gorpu ikusi baitituzte lekukoek erreboltak gertatu diren lekuan. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak, hain zuzen, Darako puntu gatazkatsuenetara «berehala sartzeko» baimena galdegin zuen herenegun, larritasun handiko zaurituak segituan artatu ahal izateko.

Kezka atxilotuengandik

Atxiloketok inongo lege babesik gabe eta modu erabat arbitrarioan eginak direla esatean bat datoz giza eskubideen aldeko erakundeak; diotenez, horien artean militante politikoak zein giza eskubideen defendatzaileak daude, baina inongo ardura publikorik ez duten hainbat zibil ere badira.

Horiengandik arduratuta agertu zen atzo Amnesty International, aske geratu diren zenbait lagunen testigantzak bildu ostean, erregimenak tortura darabilela egiaztatu ahal izan dutelako.

Hain zuzen, preso hartutakoak auzitara eramango dituela jakinarazi du Siriako Gobernuak «Estatuaren prestigioa degradatzea» egotzita, horietako franko protesta baketsuetan parte hartze hutsagatik. Hiru urtera arteko kartzela zigorra jaso dezakete horregatik.

FRANtzIA

Euren presentzia Sirian beharrezkoa ez den bitartean, herrialdetik irten daitezela eskatu zien atzo Frantziak bere herrikideei, eta horretarako garraiobide publikoak baliatu ditzatela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo