Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Petti
Kantu batzuek sendatzeko gaitasuna dute, eta ez dituzte farmazietan saltzen. Kantu batzuk egunik, baita aluenak ere, apur batean bederen, argitzeko boterea dute. Badira kantu bakan batzuk gure alijo sentimentaletan gordeko ditugunak, emergentzia kasutarako. Gaur ez neukan musikaz idazteko gogorik, batere gogorik, faszismoaz akaso, baina ez musikaz. Hain nengoen munduarekin muturtua, botikina ireki eta kantu horietako baten dosia errezetatu diodala, larritasunez, ene buruari eta, begira, serio, laugarren aldia da Pettiren «Hitz Jarioa» kantua entzuten dudana, segidan, eta ezer ez da aldatu. Baina hobeto nago eta horrek zutabe bat merezi du.
Artista puska baita Petti, arte mordoa baitu gorputz handi eta ustez baldarrean. «Arte gehiegi gauza onerako», esango luke Robert Johnson bere arima debruari saltzen ikusi zuenak. Mundua modu askotara ikus daiteke eta nork ez luke salduko zer edozer baliotsua horrelako kanturen bat idazteko gaitasunaren truke? Neuk bai, inork ez didalako aukerarik eman. Ez dakizue zer-nolako inbidia eragiten didaten kantu onak Pettik bezain erraz idazten dituztenak. Eta ez dira asko, ez uste, horrelako dohaina dutenak. Dohain horrek, ordea, ez du erdibiderik onartzen, barruraino busti beharra daukazu, esteetan urpekaritza egin behar, eta nondik aterako du artistak horretarako ausardia? Sorkuntzaren peajea, Pettiren kanturik ilunenetan sumatzen da, mehatxatzaile, baina baita kanturik argienetan ere, indartsu eta bizi, bidaia beraren bi aldeak baitira. Basurde zauritu baten moduan garrasi egiten duenean eta denok maitalearentzat amestu dugun tonuan xuxurlatzen duenean. Behe-lainotik lurralde eguzkitsuetara, zintzo. Zorionez, Pettiren kantu bat baino gehiago dut nire botikin musikalean.