Julen MURGOITIO
Ebro, lotsatan blai
Ez dakit zelan esan, baina joan den ostegunean ezagutzen ez nituen sentsazioak dastatu nituen. Nire gorputzaren barrenekoaz nago; kanpotik ez du ematen baina zer zabala den! zenbat kontraste! eta nik jakin barik. Jakin, orain dakit, beheko Estatuaren demokrazia kontu horri esker. Hau kolpea! hainbeste bider pasatu ebakuntza-gelatik eta inoiz ez didate nire barruko horren berri eman! hortaz, alferrikako orbainak dira nireak. Harira!. Egun luzea izan zen, ordutan hogeita lautik gorakoa; ostiralaren kalterako. Ez zen ostirala kaltetu bakarra gero!. Ostegunean goiz goizean sortu zen eguzkia ere hantxe zen, zerumugan bildua, denbora-pasan, zain, ilunabarra atzeratu nahian edo, ostiralaren egunsentiaren kalterako. Total, zirrara eta susmoak, irudipena eta harridura, bizipoza eta hilpena, bake-nahia eta ez-nahia... dena bildu zitzaidan barrura ostegun luzean zehar. Zenbat kontraste gorputz batera!
Leku guztietan zen jendea bildu egun horretan, hemen eta han bildu ere, batak eta besteak. Batzuek han, idazluma eskuan, epaile itxura hartuta; besteek hemen, pinganiloa belarrian, epaitu sena hartuta. Tira, hangoek ere izango zuten pinganiloa belarrian!, eta baten batzuek bi ere!, pinganilo esan nahi dut, belarriak, ustez, seguru baietz. Bai, uhina bete lan izan zuten ostegunean twitter, facebook eta enparauetako sare zer horiek. Hainbeste mezu uhinetan, hodeiak desbideratu behar izan ziren. Ebro bera harrituta, edo urtuta, zeinek jakin! egon zen, alde bietara begira, aldizka, lotsatan blai. Inoiz, inon ez du ibai handi batek hain erribera diferenteak izan. Gaur gaurkoz zubirik ere ezin da hor bermeaz eraiki, hain du ahula eskumako bazterra!. Eta bermea oinarri eraikia denean ere ez da izango beste aldera negoziatzera joateko, bere erdi-erdian negoziatzen biltzeko baino.
Matxinada bakoitzak badu bere plaza. Ostegunean Arriaga hartu zuen plazak izen. Durbanterik ez han; txapelak ugari. Buruzapirik ez han; musuzapiak franko, hotzeri izurritea ei dabil eta!. Uda beteko festa udaberrian. Amaetxe baten atarian ezker-eskuin-ezker zenbat seme-alaba etorriko zaizkion zain dagoenaren ezinegona eta artega islatzen ziren plazara bilduenengan. Erlojuaren orratzak ere zain, hamabiak noiz jo agindua jasotzeko zain. Oraintxe! Gau erdia da! akabo osteguna! Ongi etorri bedi ostirala! Eta falta diren guztiak!