Pello Urzelai | Berria, 2011/5/6
Geldiezina
Une batez erlojua gelditu, atzera begiratu, eta Bilduren inguruko erabakia alde batera uztea ariketa ona da aztertzeko norainoko aldaketa gertatzen ari den Euskal Herrian. Azken finean, azkenaldian gorpuzten ari diren mugimenduak erabaki judizialen menpeko ez direlako. Haratago doaz. Espainiako Gobernuak edo auzitegiek egin dezaketenaz haratago. Modu paraleloan bi ildo politiko indartu eta bizkortu egin dira azken bi urte hauetan. Batetik, borroka moldeetan egindako hautuarena, borroka armatuaren zikloa amaitutzat jo duena. (...) Dagoeneko ez dago dudarik apustuaren sendotasunaz. Ezker abertzalearen barruan eta kanpoan. Jarrera gisa, gero eta argiagoa da. Atzeraezinezko puntua gaindituta dago. Bestalde, azken urrats ezagunak ETAren su-etenaren egiaztatzeari lotutakoak dira. Enpresaburuek jakinarazi dute iraultza zergaren eskaera amaitu dela eta horren jakinarazpen ofiziala jaso dutela. Harremanetarako Nazioarteko Taldeak egiaztatutzat jo du praktika hori bertan behera gelditu izana. (...)
Era paraleloan, aliantza politiko berri bat antolatzen ari da. Lortu arte eta Euskal Herria ezkerretik akordioak dira aliantza berri horren erreferenteak. Baina benetako aliantza eguneroko praktika politikoan du oinarri nagusia, hau da, elkarrekin egiten ari diren ibilbidean. Ikusteko zegoen nola erreakzionatuko zuten partaideek, batetik elkarlanaren inguruan, eta bestetik zailtasunen inguruan. Ikusteko zegoen nola erreakzionatuko zuten EAk eta Alternatibak hauteskundeetatik -eta, ondorioz, instituzioetatik- kanpo gelditzeko arriskuaren inguruan. Badirudi kohesio nahikoa lortzen ari direla eta zailtasunek determinazio handiagoz jokatzen lagundu dutela. Esanguratsua izan da Alternatibak herenegun egindako adierazpena: Auzitegi Konstituzionalaren erabakia «edozein izanda ere», Alternatibak «bere esku dagoen guztia egingo du ezkerreko indarren elkarlana inork geldiaraz ez dezan». (...) Determinazio hori baldin badago, esperientzia positiboa izaten ari delako eta etorkizunari begira aukerak ikusten dizkiotelako dago. Horri guztiari giro berri bat gehitu behar zaio: Bildu hauteskundeetan parte hartzearen aldeko giroa, adierazpen sorta luze batean islatzen dena, eta, batez ere, Bilduren ekitaldietan eta kale mobilizazioetan; atzokoetan bereziki. (...)