Oposizioak bozak eskatzen dituen bitartean, Banais hiria hartu dute tankeek
Bashar al Asadd presidentearen erregimenaren tankeek hartu dute Banais hiria, eta, heltzeaz bat, erasoari ekin diote. Protestetan parte hartzen ari ziren sei lagun hil dituzte, eta liskarrak areagotu egin dira herrialdean. Krisiari irtenbidea emateko plana aurkeztu du oposizioak.
GARA |
Siriako Armadaren tankeak Banais hiritik barrena ikusteak izua areagotu du Gobernuaren aurka altxatu direnen artean, oso gogoan baitituzte herenegun bizilagun dituzten hirietan gertaturiko oldarraldien ondorioak. Bashar al Asadd presidentearen kontrakoen gotorlekuetako bat bilakatu da Banais azken egunetan, eta, horren jakitun, protestak errotik mozteko erabakia hartu du erregimenak. Baita egin ere: 200en bat laguneko manifestazio baten aurka jo zuten atzo goizaldean soldaduek, eta sei lagun bertan hil zituzten.
Halaber, hiria bere horretan bakartzeko hautua ere egin du Siriako erregimenak. Hala, Internet eta telefono komunikazioak eteteaz gain, argi eta ur hornikuntza ere moztu du.
Halaxe egin zuten herenegun Banaistik gertu diren Hims eta Hama hirietan ere; bigarren egunez segidan, protesta bortitzen lekuko izan ziren atzo ere hiriotako herritarrak.
Hain justu ere, herenegungo liskarretan hildako 21 lagunak ehorzten ari zirela bizi izan ziren tentsio unerik larrienak, gertatutakoa mendekatuko dutela promes egiteko baliatu baitzuten unea bildutako askok.
Deir el Zur hirian ere «eserialdi erraldoia» egin zutela eman zuen atzo jakitera Sham oposizioko webguneak. Tiro zein anbulantzia hotsak entzun zirela azaldu arren, ez zuten zauritu edo hildako herritarren berririk eman.
Alta, istiluak hasi zirela zazpi aste betetzen diren honetan, egunero hedatu da hildakoren bat egon izanaren berri. Sawasiah giza eskubideen aldeko erakundeak dioenez, zehazki, 800 lagun hil dira protestak hasi zirenetik, horietatik 200 soldadu siriarrek Dara hirian martxan jarritako ofentsibaren ondorioz.
Oposizioaren urratsa
Protestek eta istiluek aurrera darraiten bitartean, eta Bashar Al Asadden Gobernuak protestak suntsitzeko asmoz indarkeria baliatzeko hartu duen hautuaren ondotik, bere estrategian urrats bat gehiago ematearen beharra ikusi du oposizioak.
Hala, krisiari irteera emateko plan bat aurkeztu du lehenbizikoz, hauteskunde demokratikoak egiteko premia baldintza gisa ipiniz.
«Irtenbidea posible da: utzi manifestariak tirokatzeari, utzi protesta baketsuak egiten, kendu zure eta zure aitaren irudiak bistatik, utzi atxilotutako politikari guztiak aske, nazio elkarrizketa sustatu, aukera politiko guztiak onetsi eta sei hilabete barrurako hauteskunde demokratikoak deitu», galdegin du Siriako oposizioak idatzi baten bidez.
Adituek azpimarratzen dutenez, ordea, oposizioak abiatutako dinamikak aukera oso gutxi ditu arrakasta izateko. Siriako gune estrategikoak eskuratzea lortzen ez duten bitartean, aldaketa nekez etorriko dela uste dute adituek. «Herritar asko erregimenak erabiltzen dituen errepresio neurrien beldur da», nabarmendu dute.
Ikasturte amaierako azterketak bertan behera geratzeko eskatzeko protestan ari ziren bi ikasle hil zituzten atzo Taiz probintziako Maafer hirian, Yemengo erregimenaren aldekoak haien aurka oldartu ostean. Antolatzaileek ezagutarazi dutenez, gertaerak atzo eguerdi partean jazo ziren, Abdala Saleh presidentearen jarraitzaileak protesta baketsu baten aurka tiroka hasi zirenean. «Ez dugu kasik erreakzionatzeko aukerarik izan; oharkabean harrapatu gaituzte», zioen lekuko batek.
Alde bateko zein besteko hainbat lagun zauritu ziren erasoan; hamabost bat, antolatzaileek azpimarratu dutenez. Horietako batzuk lekuan bertan artatu behar izan zituzten zaurien larritasuna medio.
Pasa den urtarrilean liskarrak hasi zirenetik etenda zegoen ikasturtea unibertsitateetan. Izan ere, ikasle ugarik Saleh presidentearen gobernuaren aurkako manifestazioekin bat egin dute eta hainbat greba ere burutu dituzte.
Saleh presidentearen dimisioa galdeginez protesta andana egin dira urtarriletik Yemenen. Orduz gero, giza eskubideen aldeko erakundeek baieztatu dutenez, 150 lagun hil dira. GARA
Gas negar-eragileak baliatu zituen atzo Poliziak, bigarren egunez jarraian, hiriburuan bildutako dozenaka lagunak sakabanatzeko. Abidine Ben Ali presidentea erori ostean ezarritako Gobernuaren aurka ari ziren protestan.