GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN

EAJk erakundeen arteko Ťaliantzať defendatu du enplegua sortzeko

p008_f01_097x132.jpg

GARA | BILBO

Iñaki Azkuna EAJko Bilboko alkategaiak «aliantza on» baten aldeko apustua egin zuen atzo, Bizkaiko hiriburuan enplegua sortzeko. Berak nahiko lukeen aliantza hori Udalak berak, Aldundiak, Lakuak, Gobernu espainolak eta Europako erakundeek osatu beharko lukete, betiere aipatu xedearekin.

Errekalde auzoan egin zituen Azkunak aipatu adierazpenok, bere alderdiko afiliatuekin egindako ekitaldi batean. Kartsuki defendatu zuen erakundeen arteko elkarlana, «Bilboren mesedetan baldin bada», eta bere helburua hiria «geroz eta hobea» izatea dela gaineratu zuen.

Izan ere, adierazi zuenez, beste hainbat lekutan gertatzen den legez, egoera ekonomikoa «oso delikatua» da Bilbon ere, nahiz eta, bere aburuz, berak zuzendu duen Udalak «zortea edo ikuspegi ona» izan duen, «edo agian kudeaketa egokia egin du». Horregatik, esan zuen, azken lau urteotan 600 milioi euroko inbertsioa egin ahal izan du, horietatik 100 Gobernu espainolak emandakoak. Inbertsio gehienak auzoetan egin direla ere nabarmendu nahi izan zuen Azkunak.

Horrekin batera, pozik azaldu zen Udalaren zorra, aspaldikoa zena, ordaintzen joan direlako, eta horrek mesede egin diolako Udalaren egoera ekonomikoari, zorrak interes handiak eragiten baitzizkion. Ildo horretan, nabarmendu zuen Bilbok orain dela ez asko «200 milioi euroko zorra» bazuen ere, martxorako hori erabat kitatua zuela. «Honek -gaineratu zuen Azkunak- etorkizuna baikortasun pixka batekin begiratzeko aukera ematen digu, egoera ez delako hain gogorra zorrik ez dagoenean». Edonola ere, datorren legealdia, «gogorra, txarra, arduratzeko modukoa» izango dela ohartarazi zuen.

Aurrera begira, eta paradoxikoa ematen badu ere, zorrik ez izateak egitasmo estrategikoak aurrera eramateko zorpetzeko aukera ematen duela defendatu zuen. Hala, abiadura handiko trena Bilbora hel dadin eta Deustuko ubidea irekitzeko zorpetzeko prest legokeela aurreratu zuen.

Hauteskunde kanpainetan ohikoa den bezala, berak alkate bezala jarraituz gero zer egingo lukeen azaldu zuen Azkunak, eta esan zuen «gardentasuna, ordena eta zorroztasuna» izango direla bere lantaldearen ezaugarri nagusiak.

«Kultura politiko berria»

Markel Olanok ere azken lau urteotan izan duen karguan jarraitzeko helburuarekin abiatu du hauteskunde kanpaina, eta atzo herritarren parte hartzearen aldeko adierazpenak egin zituen Donostian egindako ekitaldi politikoan. Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EAJren hautagaiak «kultura politiko berri» baten alde egin zuen, kultura politiko bat non herrialdeko eragileek lan egingo duten eta herritarrek parte hartuko duten. «Politikak -esan zuen- jendearengana hurbildu behar du».

Legealdiko bere lehen erronka politika jendearengana hurbiltzea dela esan zuen Olanok, eta horretarako «instituzio-sistema geroz eta berritzaileagoa, eragingarriagoa eta arduratsuagoa» behar dela adierazi zuen, baita erakundeek «bakearen aldeko, giza eskubideen aldeko eta Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen aldeko apustu garbia» egin behar dutela ere.

Herritarrek politikariekiko duten konfiantza eskasa ere hizpide izan zuen Olanok, eta konfiantza hori berreskuratzeko ahaleginak egingo dituela ziurtatu zuen. Gainera, Gipuzkoan EAJ «alternatiba baliagarria» dela defendatu zuen, bere aburuz, gai baita «PSEk eta PPk osatutako frontea geldiarazteko, abertzaletasuna biltzeko eta instituzioak eraginkortasunez kudeatzeko». Alde horretatik, Hamaikabat alderdiari boza emateko aukera buruan duten gipuzkoarrei zeharka zuzenduz, adierazi zuen ez dela «abertzaletasunaren zatiketarako garaia», baizik eta «indarrak biltzekoa».

Bere aldetik, Donostiako alkategai jeltzalea den Eneko Goiak udal kudeaketa «errotik» aldetzeko apustua egin zuen. Bere iritzian, Odon Elorzaren gobernu taldeak «Estatuko azken postuetan» kokatu du Gipuzkoako hiriburua kudeaketaren gardentasunari dagokionean, Marbella bezalako udalerrien atzetik.

«Bada garaia udaletxeko ateak eta leihoak irekitzeko», gaineratu zuen, ildo horretan, EAJko hautagaiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo