Bourgoin
Biarritzek bigarren fasea eta Heineken Kopa jokatuko ditu
Zuri-gorriek datorren ostiralean Clermonten jokatuko dituzte final-laurdenak.
BOURGOIN 18
BIARRITZ 22
Jon LEUNDA
Biarritzek helburua bete du. Zuzenean finalerdiak jokatzeko aukerarik ez zuen, eta final-laurdenak jokatu eta datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko txartela lortzeko helburua zuen azkeneko jardunaldian. Euskaldunek dena beren esku zuten, garaipena lortuz gero ez baitzuten arazorik, eta uste baino gehiago kosta baldin bazen ere, azkenean garaipena erdietsi zuten, eta helburua bete zuten.
Final-laurdenetako partida datorren ostiralean jokatuko du Biarritzek Clermonten aurka, eta azken horren zelaian. Neurketa 20.30ean hasiko da, eta partida batetara denez, oso norgehiagoka zaila izango dute, baina zuri-gorriak garaipenaren bila joango dira finalerdietan sartzeko asmoa eta nahia baitute.
Dimitri Yachvili izan zen atzoko protagonista nagusia. Zuri-gorrien jaurtitzailea izan onena, eta puntugile nagusia. Bere erakustaldiari bigarren minutuan eman zion hasiera, orduan gauzatu baitzuen lehen zigor kolpea. Hortik aurrera beste lau ere gauzatu zituen, eta transformazio bat ere lortu zuen. Aurten denboraldi bikaina ari da egiten Yachvili, eta taldeak ederki nabaritu du. Poztekoa da, gainera, azkeneko denboraldietan lesio ugari izan baititu, eta bere sasoi falta ikaragarri nabaritu baitu taldeak.
Garaipena lortu arren, atzo zuri-gorriek ez zuten itxura ona eman. Neurketa ez zen erraz horietakoa. Aurkariak, behin maila galduta, inongo presiorik gabe jokatu zuen, eta Biarritz, berriz, alderantziz, presio handiarekin aritu zen. Izan ere, lapurtarrek ondo baino hobeto zekiten garaipena ezinbestekoa zutela.