GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14 | Arroxela

Irabazi arren, Avironek ez du saririk izango


LA ROCHELLE 17

AVIRON 30

 

J.L.

Ez final-laurdenik, ez eta datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko txartelik. Zuri-urdinek irabazi egin behar zuten, eta gero itxaron aurkarien emaitzak, eta Avironek bere lanak ongi bete baldin bazituen ere, aurkarien emaitzak ez ziren lagungarri izan, eta amaieran ezer gabe geratu dira lapurtarrak.

Final-laurdenak jokatzeko sailkapeneko lehen sei taldeen artean sartu beharra zegoen, baita datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko ere. Zazpigarrenak ere bazuen aukerarik, Top 14ko talde batek Heineken Kopa edo European Challenge txapelketa irabaziz gero, baina talde frantziarrik ez da izango Europako finaletan, eta, beraz, zazpigarrenak European Challenge jokatu beharko du.

Aviron garaipenaren bila atera zen lehen minututik. Jokoan ezer ez zuen aurkaria zuen aurrean, izan ere, La Rochellek maila galduta zuen partida jokatu aurretik ere. Errugbia profesionala denetik lehen aldiz, final-laurdenak jokatzeko eta Europako lehiaketa garrantzitsuenean izateko aukera zuen Avironek.

Helburua erasoko puntua lortzea zen, baina hori ere ez zen posible izan. Gainera, lortu izan balu ere, zazpigarren postuan amaituko zuen Avironek denboraldia, sari potolorik gabe.

Amaieran garaipena oso erosoa izan zen, nahiz eta puntu gehigarria ez zen lortu. La Rochelek jokatzen utzi zion euskaldunei, eta berak ere jokatu nahi izan zuen, ez baitzuen inongo presiorik. Amaieran denboraldiko garaipenik mikatzena izan zen euskaldunentzat, baina gustura egon behar lukete, denboraldi bikaina egin baitute. Iaz gertatu zena kontutan hartuta, aurten egin dutena oso handia izan da.

Ez da ahaztu behar pasa den urtean Avironek maila galdu zuela, baina beste talde batzuen diru arazoak medio, euskaldunak maila nagusia berreskuratu ahal izan zuten. Bazirudien aurtengo helburua mailari eustea zela, baina hasiera bikain baten ostean, zuri-urdinak sailkapeneko goialdean kokatu ziren, eta horri eusteko moduan izan dira, nahiz eta amaieran nahi zuten saririk jasotzerik ez duten izan lapurtarrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo