Aizkora | Urrezko lehiaketa
Iñaki Azurmendik finalerdiak jokatzeko estreinako pausoa eman du
J.L.
Urrezko Aizkoran, Iñaki Azurmendik mendean hartu zuen Donato Larretxea. Emaitza arraroa izan zen, ez gipuzkoarrak irabazi zuelako, baina bai nola irabazi zuen kontuan hartuta. Iraupen proba hasi aitzin, 44 segundoko abantailarekin zen Larretxea, baina, ezustean, azkeneko proban horretan gainditu egin zuen Azurmendik.
Larretxea gaixorik egon da azken egunetan, eta atzo amaierarako hori ere nabaritu egin zuen. Bost proba ezberdin egin behar izan zituzten eta Azurmendik lehenengo eta azkenengo probak irabazi zituen; beste hiruretan, aldiz, Larretxea izan zen nagusi.
Iraupen proban, bi 45 ontzako eta lau kana erdiko moztu behar zituzten, eta Azurmendik 10 minutu eta 5 segundo behar izan zituen, eta Larretxeak 12 minutu eta 17 segundo. Denetara, Azurmendik lan guztiak egiteko 14 minutu eta 49 segundo behar izan zituen eta 16 minutu eta 19 segundo Larretxeak. 23 urtez azpiko proban, berriz, Mugertza III.ak eta Kañamares III.ak lortu zuten hurrengo fasean aritzeko txartela. 19 urtez azpiko dema, berriz, Vicente II.ak irabazi zuen.
Gaur B multzoko ligaxka hasiko da Zuazon, 12.15ean. Bertan Lopez eta Mugertza II.a arituko dira nor baino nor, atzo Larretxeak eta Azurmendik egin zuten lan berdinean. 23 urtez azpikoetan, Alkizalete II.a, Kortxero eta Rodriguez II.a neurtuko dira. Azken sailkatua kanpoan geratuko da.