GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Mendi lasterketak

Korrikalarien lehia ofizialak hasi dira dagoeneko

Euskal Mendizale Federazioak eta FEDMEk antolatutako Euskadiko Kopako eta Espainiako Kopako lehen probak jokatu dira. Arratzu-Urdaibai lasterketan Emanuela Brizio eta Ionut Zinca nagusitu dira. Oihana Kortazarrek Granadan jokatutako Sierra Elvirako lasterketa irabazi du.

p050_f01_97x124.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Euskal Mendi Federazioak eta FEDME Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatutako mendi lasterketen egutegi ofizialak abian dira dagoeneko. Gainera, oso hasiera interesgarria izan du denboraldiak; izan ere, jokatu diren bi probak oso intentsu eta lehiatuak izan dira. Hori bai, argitu behar dugu lasterketa hauek banakako izaera izan dutela; taldekako probak eta bertikalak beranduago hasiko dira.

Bada, esan bezala, banakako Euskadiko Kopak lehen urratsa eman du. Arratzu-Urdaibai lasterketaren abiatu zen denboraldia, eta, oro har, lasai asko esan daiteke goi mailako espezialistek hartu zutela parte. Horrek, jakina, lasterketari emozioa eman zion.

Korrikalariek 30 kilometroko eta 2.000 metroko desnibeleko ibilbideari egin behar izan zioten aurre. Jakina denez, EMFk antolatutako lasterketetan, puntuatu ahal izateko lasterkariak federatuta izan behar dira ezinbestean. Hala ere, kanpotar asko dira Euskal Herriko lehia ezberdinetan azaltzen direnak. Eta egoera horrek bere isla izan zuen Bizkaiko lasterketan. Katalanek, madrildarrek, aragoiarrek, frantsesek... ez zuten hutsik egin.

Emakumezkoetan, nagusien mailan, Emanuela Brizio izan zen irabazlea. Korrikalari italiarra ia urtero ikusten dugu Euskal Herrian, batez ere Zegamako proban parte hartzen. Aurreratu dugun legez, Arratzun izan zen, eta garaipena lortu zuen. 3 ordu eta 12 minutuko denbora behar izan zuen 30 kilometroko ibilbidea egiteko. Haren atzetik, 12 minutura, bigarren sailkatua (lehen euskal korrikalaria) iritsi zen: Izaskun Zubizarreta. Hirugarrena Nerea Amilibia izan zen 3 ordu eta 28 minutuko denborarekin.

Gizonezkoetan ere espezialista indartsuak izan ziren. Irabazlea Ionut Zinca izan zen, 2 ordu eta 34 minutuko denborarekin. Gasteiztarraren atzetik Aitor Osa (ia 3 minutura) eta Michele Rabat sailkatu ziren.

Beteranoen mailan, berriz, Emanuela Brizio eta Imanol Oiarbidek irabazi zuten. Eta, 23 urtez azpiko mailan (ibilbide laburragoa izan zuten), Alba Beltran eta Pere Rullan izan ziren irabazleak.

Horixe da Euskadiko Koparen lehen hitzorduak eman zuena. Hala ere, gogoratu behar dugu zirkuituan parte hartu nahi duenak oraindik ere beste bost lasterketa dituela aurrez aurre: Bidarrai (maiatzak 22), Orozko (ekainak 5), Lezama (abuztuak 28), Olatzagutia-Urbasa (irailak 24) eta Goierri Garaia-Hiru Gurutzeak (urriak 16).

Horixe Euskadiko Kopak eskaintzen duena, baina hitzordu nagusiena, hots, Euskadiko Txapelketa, ekainaren 26an jokatuko da: Camille Extreme. Taldekako Euskadiko Txapelketa, berriz, uztailaren 10ean izango da: Flysch Trail.

Kortazar, indartsu

Euskal Koparekin batera, FEDMEk antolatutako Espainiako Kopak ere lehen urratsa eman du. Eta esan beharra dago EMFko selekzioko ordezkariak bikain ibili zirela lehen proban. Zehatzago esanda, selekzioko neskek soilik hartu zuten parte; emaitza oso onak lortu zituzten, gainera, euskal ordezkariek.

FEDMEren lehen hitzordua Sierra Elvirako mendi lasterketa izan zen. 28 kilometro eta erdiko ibilbidea eta 1.750 metroko goranzko desnibela, horixe izan zen korrikalariek aurrean izan zutena. Ibilbide azkarra zen, batez ere lehen kilometroetan; hala, asfaltoko lasterkarientzat ibilbide oso aproposa zen. Aldiz, 10. kilometrotik aurrera benetako aldatsak azaldu ziren, eta horrek lasterketa gogortu zuen.

Esan dugun bezala, euskal ordezkariak primeran lehiatu ziren. Horrek, gainera, euskal ordezkari guztiek lortutako emaitzetan izan zuen isla. Nagusien mailan, adibidez, euskal korrikalari baten lehen garaipena iritsi zen. Beste behin, Oihana Kortazarrek goi mailako espezialista dela erakutsi zuen. Hasiera-hasieratik lasterketaren buru jarri eta helmugara bakarrik iritsi zen. Ondo baino hobeto neurtu zuen lasterketan zehar ateratako aldea, eta, arazorik gabe, garaipena lortu zuen. Beste euskal ordezkaria, Ainhoa Jauregi, zortzigarren izan zen.

Gizonezkoetan, nagusien mailan, Ivan Ortiz andaluziarra izan zen irabazlea. Emakumezko beteranoetan, azkenik, euskal selekzioko Elena Calvillok zortzigarren postua eskuratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo