GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Istripua

Erhard Loretan, alpinista suitzarra «arin eta azkar» joan da

Pasa den apirilaren 28an, gidari lanetan ari zela, istripu baten ondorioz zendu zen suitzarra. Batez ere 80ko hamarkadan, goi mailako makina bat jarduera egin zituen Loretanek; eskuarki, oso estilo onarekin.

p051_f01_250x128.jpg

Andoni ARABAOLAZA

«Erhard alpinista bikaina zen. Inolako zalantzarik gabe, gizabanako aparta galdu dugu. Elkarrekin zortzi zortzimilako egin genituen, eta geure artean kimika berezia zegoen. Hitz bat bera ere esan beharrik gabe ulertzen genuen elkar. Mendiari buruzko filosofia zein ikuspuntu bera geneukan. Oraindik ere Everesten eginiko igoera gogoan dut. Munduko zortzimilako garaiena eskalatzeko zereal barra soil batekin eta ur pixka batekin irten ginen». Jean Troilleten hitzak dira; hots, Erhard Loretanen sokakide garrantzitsuenetarikoarenak.

Troilletek era horretara ekarri digu gogora zendu berri den Erhard Loretan. Alpinista suitzar apartak apirilaren 28an esan zigun agur. Grunhorn (4.043 m) mendian gidari lanetan ari zela, istripua izan zuen. Nahiz eta erreskate taldeak segituan bertaratu, laumilako horretan eman zuen azken hatsa suitzarrak.

Estilo alpinoa, hots, arin eta azkar eskalatzearen bandera, altxatu eta aldarrikatu zuen goi mailako alpinista izan zen Loretan. Hain zuzen ere, bere ibilbidean egin zituen aparteko jarduera gehienak (guztiak ez esateagatik) estilo horretan egin zituen. Berdin zitzaion estilo alpinoa laumilako edo zortzimilako batean indarrean jarri; bere parametroetan ez zen beste estilorik sartzen.

«Mendi garaienetan, nire helburu nagusia altuera horietan ahalik eta denbora gutxien pasatzea da batik bat. Eta, jakina, bibaka saihesteko aukera badut, bada askoz ere hobeto», adierazi zuen Loretanek.

80ko hamarkada

Nahiz eta Alpeetan, Andeetan edo Trangoko erpinetan izar askotako eskaladak egin, zortzimilakoetan sinatutakoek eman zioten ospea, bai bederen mediatikoki. Eta, jakina, egin zituenak eginda, ez da gutxiagorako.

Hamalau zortzimilakoen zerrenda amaitzen hirugarrena izan zen. Bai, suitzarrak berak bere garaian aitortu zuenez, lasterketa horretan erori zen: «Inoiz ez zitzaidan hamalau zortzimilakoen bilduma interesatu. Hori 1994. urtera arte izan zen. Hamalau zortzimilako nituen, eta atal hori itxi nahi izan nuen. Bai, ni ere tranpa horretan erori nintzen».

Azken lau erraldoiak izan ezik, gainerakoak 80ko hamarkadan igo zituen. Eta, inolako zalantzarik gabe, hori azpimarratu behar da. Eta azpimarratu behar dugu, besteak beste, Loretanek garai haietan (urrezko garaiak) zortzimilakoetan eginiko igoerak mugarri direlako alpinismoaren historian. Adibidez, Norbert Joosekin batera, eki ertzetik hasita, Annapurnaren hiru tontorrak kateatu zituen. 1984. urtea zen. «Himalaian izan nuen eskarmentu gogorrena izan zen Annapurnakoa», adierazi zuen suitzarrak. Bi urte beranduago, oraingo honetan Troilletekin, Everesten oso igoera azkarra egin zuen: 31 ordu. Jaitsiera, berriz, hiru ordu eta erdian egin zuten.

Eta aipatu dugunez, asko dira Loretanek eginiko goi mailako jarduerak. Eta berriro diogu, horietako asko 80ko hamarkadan eta estilo bikainean.

erhard loretan

80ko hamarkadako alpinista garrantzitsuenetarikoa izan zen zalantzarik gabe. Laumilakoetan zein zortzimilakoetan altxatu zuen estilo alpinoaren, hau da, arin eta azkar eskalatzearen, ikurra.

everest 31 ordutan

«Geure artean kimika berezia zegoen. Everesten eginiko igoera gogoan dut oraindik ere. Zortzimilako garaiena eskalatzeko zereal barra soil batekin eta ur pixka batekin irten ginen», gogoratu du Troillet sokalagunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo