GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ELECCIONES EN EUSKAL HERRIA

Zabaletak PSNri keinu egin eta «bigarren aukera bat» eskaini dio

p008_f01_097x130.jpg

GARA | IRUÑEA

Alesbesen egindako ekitaldi batean, NaBai 2011ko hautagai Patxi Zabaletak heldu diren hauteskundeek Nafarroan aldaketa politikoa gauzatzeko aukera emango dutela adierazi zuen, eta, horrenbestez, «ahaleginak biderkatzeko» beharra nabarmendu zuen. Bere iritzirako, Aralarrek eta EAJk gidatzen duten koalizioari emandako bozek «bikoitza» balio dute, aipatu zuenez, beraiek baitira «UPNren ardura nagusia». «Ez dute nahi gu gobernuan egoterik, gu garelako aldaketa, Nafarroako politika aldatuko genukeelako», gaineratu zuen.

PSNri dagokionean, alderdi horri aurreko legealdi osoan UPNren «menpe» egotea leporatu zion. Ez hori bakarrik, Yolanda Barcinaren alderdiarekin azken lau urteotan «boikotatu duen guztia» orain PSNk bere hauteskunde programan sartu duela salatu zuen. «Orain, adibidez, NUPen medikuntza ikasketak egotea nahi dute, legealdi osoan hori zapuztu dutenean», aipatu zuen.

Edonola ere, Roberto Jimenezek zuzentzen duen alderdiari keinu bat eginez, Zabaletak esan zuen orain «bigarren aukera» bat badagoela, izan ere, gizarteak NaBai 2011 UPNren parean kokatzen badu, «PSNk ezin izango du berriz ere atzera egin, bere boto-emaileen aurrean agerian geratuko bailitzateke».

Aralarreko idazkari nagusiak, beste alde batetik, ekonomia gaiak ere izan zituen hizpide, eta, hala, egungo egoera ekonomikoa «larritzat» jo zuen. Krisia hasi zenetik, Nafarroan langabezian dauden pertsonen kopurua 18.700etik 45.308ra pasa dela gogoratu zuen, eta horregatik ezinbestekotzat jo zuen enplegu planak berrikustea.

«Anbizioz eta alai»

Iruñeko alkategai Uxue Barkosek, aldiz, gai ekonomikoei bakarrik heldu zien, aurreko egunean egin bezala. Hedabideetara igorritako ohar batean, egungo krisi ekonomikoari «anbizioz, eta, ahal den neurrian, alai» aurre egiteko eskatu zuen, eta gaineratu zuen esparru guztietan langabeziaren arazoari aurre egiteko neurriak bultzatu behar direla. Alde horretatik, hilak 22ko hauteskundeetan «kalitatezko enplegua sortzeko» konpromisoa hartu duten hautagaiei boza emateko galdegin zuen.

NaBai 2011ko hautagaiak, betiere langabezia hizpide izanik, auziaren inguruan dauden jarrera «demagogikoak» salatu zituen, eta ordezkatzen duen koalizioak «Nafarroan 5.000 lanpostu sortzeko plan serioa» aurkeztu duela nabarmendu zuen.

Horrekin batera, Iruñeko Udala zuzentzeko ardura hartzen badu, «hirira kalitatezko enplegua ekartzeko» lan egingo duela adierazi zuen Uxue Barkosek, nahiz eta gogoratu udalek ez dutela lan politika aktiboen gaineko eskumenik. «Enpleguaren alde lan egitea apustu politiko serioa egitea izango da, hainbat urtetan hainbatek erabili duten demagogia merketik harago», gaineratu zuen.

Nafarroako hiriburuko eremu industriala hobetzeko beharra «hainbat alditan» mahai gainean jarri dutela ere nabarmendu zuen Barkosek. Ildo horretan, Yolanda Barcina azken urteotako alkateak ez duela esparru horretan ezer ere egin salatu zuen, «lursail gehienak eraikuntzarako utzi dituelako».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo