GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

XXL izendapenak: surfeko «Oskar sariak»

Billabong XXL izendapenen hamaikagarren edizioa egin zuten apirilean eta Belharrako olatuak saria jaso zuen Sanchisen eskutik.

p054_f01_97x140.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Billabong XXL izendapenak surfaren Oskar sari banaketa gisa ezagutzen dira. AEBetan egiten den luxuzko ekitaldi batean aurreko 12 hilabeteetan munduan zehar hartu diren olatu handienak saritzen dira.

Epaileek jasotako irudiak sailkatu eta horien artean batzuk hautatzen dituzte lehen itzulian. Bigarren itzulian, berriz, finalean zeintzuk izango diren erabakitzen dute. Finalerako hautagaiak normalean Los Angelesen egiten den ekitaldira gonbidatuak izaten dira eta ekitaldian bertan ematen dituzte aditzera irabazleen izenak.

Surfaren industrian lan egiten duten kide, surflari eta surflari ohiak dira epaileak, 250 guztira. Kategoria bakoitzeko irabazlea zein den hautatzeko iritzi anitz izaten da, beraz.

Kategoria batzuek besteek baino ospe handiagoa dute. Urteko surflaria, tubo handiena edo arraun eginda hartutako olatuaren izendapenak kasu. Hori sari gisa ematen den diru kopuruan ere ikusten da.

2011ko sari banaketa apirilaren 29an izan zen Kalifornian, Anahein antzerki aretoan eta 130.000 dolar banatu ziren guztira sarietan.

Sari banaketetan aurkezpen lanak pertsonaia famatuek egin ohi dituzte. Aurtengoan, Tony Hawk skaterra, Tito Ortiz borrokalaria, zein Metallica eta Incubus musika taldeetako kideak ibili ziren aurkezle lanak egiten.

«Urteko surflari» izendatzen dutenak jasotzen du sari handiena. Aurtengoan Danilo Couto brasildarrak jaso zuen titulua. 50.000 dolar eta Toyota Tacoma auto bat irabazi zituen. Ibilgailuko giltzak Tony Hawk skater ezagunak eman zizkion.

Olaturik handienaren saria Benjamin Sanchis frantsesak jaso zuen, Tow-in modalitatean (motoaren laguntzaz hartutako olatua). Sanchisek hartutako olatu erraldoia Belharran hartu zuen. Hendaia eta Sokoa artean dago eta itsaski handiak direnean bakarrik altxatzen da olatua.

Belharrako olatuari esker surflari batek baino gehiagok lortu du XXL izendapenetako hautagai izatea, baina lehenengo aldia da norbaitek bertako olatua hartzeagatik saria jasotzen duena.

Benjamin Sanchisek hartutako olatuaren altuera 20 metrokoa izan zen, baina, bere esanetan, olatu handiagoak har daitezke gure kostaldean: «Belharra nire etxetik 30 minutura dago. Egun hura ez zen oso handia izan leku horretarako, beraz, ziur naiz olatu handiagoak har ditzakegula».

Saria jaso duen lehen europar gisa, berriz, honela mintzatu zen Sanchis: «Ni ez nago gustura soilik niregatik, Europa osoagatik baizik. Hau lorpen handia da denontzat. Oso harro nago».

Surflarien artean ospe handiagoa duen saria, hots, arraun eginaz hartutako olatuaren saria, berriz, Shane Dorian hawaiiarrak eskuratu zuen.

Shane Dorianek Hawaiiko Maui irlan izaten diren olatu handietako bat arraunean hartzea lortu zuen eta irudi haiekin lortu zuen laguntzarik gabe hartutako olatu handienaren saria. 17 metroko olatu bat hartu eta gainera tubo erraldoi bat egin zuen.

Shane Dorianen esanetan, gutxien espero zutenean etorri zen itsaskia: «Ezustean sartu zen itsaskia, olatu handien denboraldia jada iragana zela, eta sartu zenean, zorionez nire etxetik gertu dauden olatuak hartzera joan nintzen. Tubo handienaren saria jasotzea berezia da... zera esan nahi dut, surflari ororen nahia dela tubo handi batean sartzea, ezta hala?»

Shane Dorianek eskuratu zuen 15.000 dolarreko saria Miloskyren sendiaren fundazioari eman zion.

Mark Mathews australiarrak ere gauza bera egin zuen. Erorketa handienaren saria jaso zuen eta eman zizkioten 2.000 dolarrak Miloskyren sendiari oparitu zizkion.

Aurten, Maverick'seko olatuetan bizia galdu zuen Sion Milosky Kauaiko surflariak garapen pertsonalaren saria jaso behar zuen eta saria haren sendiari eman zioten.

Neskei dagokienez, lau urtez jarraian Maya Gabeira brasildarrak eskuratu du saria, baina aurtengoan Keala Kennelly hawaiiarra gailendu zaio.

Aurreko urteetan euskaldunak ikusi ahal izan ditugu hautatuen artean, baina aurtengoan ez da horrela izan.

XXL izendapenetarako lehen hautagai europarrak Ibon Amatriain hernaniarra eta Mikel Agote oriotarra izan ziren 2006. urtean. Tow-in kategorian lortu zuten izendapena, Planeixan hartu zuten olatu erraldoi bati esker.

2007an berriro jaso zuen hautagaitza bikote gipuzkoarrak, orduko horretan, Igeldo inguruan dagoen Agitiko olatu arriskutsu batean lortu zituzten irudi ikusgarriei esker.

2009an izan zen hautagai gehien. Aritza Saratxaga sopelarra (Isla Panchako olatu bat), Oier Illarramendi (Izuztarriko olatuan), Ibon Amatriain eta Mikel Agote izan ziren izendatuak, baina ez zuten finalerako hautatuak izatea lortu.

Urte berean Axier Muniain izan zen emaitza onenak lortu zituen euskalduna. Lehen fasea gainditu eta bi modalitateetan (tow-in eta arraun eginda hartutako olatua) finalera iristea lortu zuen. Modu honetan gainera, bi kategoria desberdinetan finalera iristen zen lehen lehiakidea izan zen.

XXL IZENDAPENAK

«Surfeko Oskar sari» gisa ezagutzen dira. AEBetan egiten den luxuzko ekitaldian iaz hartutako munduko olatu handienak saritzen dituzte.

BELHARRA

Belharrako olatuari esker surflari askok lortu du XXL izendapenetarako hautatua izatea, baina leku horretan arituta norbaitek saria jasotzen duen lehenengo aldia da.

Axier muniain

2009an bi izendapen lortu zituen finalerako, bata tow-in kategorian eta bestea arraunean. Finalerako bi hautagaitza lortu zituen lehen lehiakidea izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo