Olatu handien itzuliko lehen proba ezbehar batekin hasi da Txilen
H.L.A.
Olatu handien itzulia, 2011/2012 Big Wave World Tour, abian da. Txileko Punta Lobos ezker olatuan egin zuten itzuliko lehen txapelketa.
Apirilaren 1a eta maiatzaren 31 bitartean egin behar da txapelketa. Aurrez ordea, bertako zein surflarik parte hartu behar duen jakiteko lehiaketa egin behar izan dute.
Lehenengo hiru postuak lortu ziuzten surflariek hartu ahal izango dute parte munduko olatu handietako txapelketan. Reinaldo Chacha Ibarra, Matias Lopez eta Leon Vicuña izan dira lehiatzeko gonbidapena irabazi duten bertako surflariak.
Aurrez lortutako emaitzei esker, gonbidatuta dauden txiletarrak, berriz, honako hauek dira: Diego Medina (iaz finalean izan zen), Ramon Navarro (iaz Todos los Santoseko finalean izan zen ), Cristian Merrello (rankingean 7. postuan da eta iaz berak irabazi zuen txapelketa hau) eta Nano Zegers (iazko finalean izan zen).
Itxarote aldian ezbehar tamalgarri bat jazo da. Apirilaren 18an Paulina Tapia Figueroa, bertako surflariaren gorpua aurkitu zuten arrantzale batzuek Punta de Loboseko arroketan. Surf egiten hil zen surflariaren omenez itsasoratze sinboliko bat egin zuten lehiakideek.
Hurrengo egunean itsaski indartsu bat izan zen, baina itsaskiak olatu handiak ekarri bazituen ere, eguraldia eta haizea ez ziren lagun izan eta txapelketa ez egitea erabaki zuten antrolatzaileek. Izan ere, olatu handiak hartzeko behar diren baldintzak ez dira edonolakoak, haizeak ere lagundu behar du.
Orain txapelketa geldirik dago, olatu handiak ekarriko dituen itsaski baten zain daude. Iaz, bost txapelketek osatzen duten itzulia ez zen osorik egin ahal izan, zeren soilik hiru lekutan izan zituzten txapelketa burutzeko behar diren gutxieneko baldintzak. Aurten oraindik garaiz dira, baina denbora aurrera doa.