SURFLARI ERNEGATUA
Fede onez bada, barkatuta
Antzeko zerbait egiten dugu surflariok ere, pasatzen garen lekuetatik horixe egiten dugu, pasa.. Bost axola bidean utzitako aztarna.
Planeixako olatuan surf egiten hasi zirenean, «playa gris» deitu zuten. Lekuak aurrez bazuen bere izena, baina «zer axola du, ezta? Azken finean, olatua izendatzen da».
Beranduago, Galiziako uretan, olatu bati «shodinger's left» izena jarri zioten hara joandako euskaldun batzuek. Bertakoek ez zuten begi onez ikusi kanpotar batzuk etorri eta haien olatuari ez zegokion izen bat jartzea, baina fede onez egindako zerbait izan zenez, kito, arazoa konponduta.
Egun, zingira bateko olatu eskas bati sekulako olatua deitzen zaionean, traizioari errealismoa, berekoikeriari pragmatismoa, bertakoei kanpotar eta kanpotarrei bertako... Gaur, hitzek bestelako edozein zentzu izan dezaketen garaiotan, «zer axola du leku bati ez dagokion izena jartzea?».
Egun dena dira eskubideak. Olatu bat gainditzen duenak, beroni izena jartzeko eskubidea dauka (betebeharrik batere ez), zergatik ez?
Surflaria lekuetatik pasa egiten da, soilik uretara bidean utzitako oin arrastoak eta auto ondoan utzitako plastiko zaborrak uzten ditu egon denaren seinale. Uzten duen arrasto bakarra horixe zelakoan nengoen, baina oker nengoen. Leku-izenak aldatzeko gaitasuna ere baduela erakutsi du.
Fede onez diot. A zer lotsa! Borondate ona ez da aitzakia. Asmatzen ditugun izenak, egiaz garenaren isla baino ez dira.