GARA > Idatzia > Kultura

Canneseko zinemaldia izar gehiagorekin eta Hollywoodi mimoak eginez iritsiko da etzi

Munduko onenaren fama duen zinemaldiak 64. edizioa beteko du. Etzi abiatuko da, ohi baino izar gehiagorekin, dagoeneko kritikaren oniritzia lortua duten errealizadoreekin eta AEBetako zinema mimatzeko gogoz.

GARA | DONOSTIA

Asteazkenetik aitzinera Urrezko Palmaren bila lehiatuko diren hogei zinegileen artean dira Pedro Almodovar, Lars von Trier, Nanni Moretti, Paolo Sorrentino, Aki Kaurismäki, Terrence Malick eta Dardenne anaiak. Eta alfonbra gorritik makina bat artista pasatuko dira: Brad Pitt eta Angelina Jolie, Sean Penn, Penelope Cruz eta Johnny Depp, Catherine Deneuve, Mel Gibson, Robert de Niro, Faye Dunaway, Antonio Banderas, Jodie Foster edo Kirsten Dunst. Beti bezala, komunikabide ugari erakarriko dituzte.

Baina famatuen inguruko jakin-mina pizteaz gain, Cannesek bertze erronka bat du aurten: norabidea markatzen duten edota dirua irabaztea ekartzen duten filmak ikustea ahalbidetzen duen jaialdia dela frogatzea. Horregatik ageri dira agian aukeraketa ofizialean munduko zinemako izen handiak.

Urrezko Palma lortzeko lehian zinta estatubatuar bakarra egongo bada ere -Malicken filma-, aurtengoan AEBak mimatuko dituzte Cannesen. Hasteko, etzi Woody Allenen «Midnight in Paris» lanarekin inauguratuko dute jaialdia. Alfonbra gorrian AEBetako izar ugari ikusi ahalko dira; eta AmFar jaian, hiesaren kontrako elkarteak Elisabeth Taylor omenduko du.

Faboritoen artean daude Almodovarren «La piel que habito» (Banderas da aktoreetako bat), Malicken «The tree of life» (Pitt eta Penn daude barrenean), Von Trierren «Melancholia» (Kirsten Dunst, Charlotte Gainsbourg eta John Hurt agertzen dira) edo Morettiren «Habemus papam» (Michel Piccolirekin aita santuaren paperean).

Ikusmin handia

Julia Leighen «Sleeping beauty» lehenbiziko filma ere erakutsiko dute, Markus Schleinzerren «Michael» edota «La source des femmes», Radu Mihaileanurena, ikusmin handia eragin duena.

Turkiako Nuri Bilge Ceylanen «Bir zamanlar anadolu'da», Israelgo Joseph Cedarren «Hearat shulayim» edo Michel Hazanavicius frantsesaren «The Artist» dira ikusleek gogotsu itxaroten dituzten bertze zenbait obra.

Beharbada, «La conquête» lana dela-eta ere emanen du zer errana zinemaldi honek. Lehiaketatik kanpo Xavier Durringerrek erakutsiko duen lan honek Nicolas Sarkozy presidente frantsesaren igoera politikoa nola gertatu zen kontatzen du.

Jaialdiko antolatzaileek bi zinta «erdi klandestino» proiektatuko dituztela jakinarazi zuten asteburuan. Iraneko obrak dira, Mohammad Rasoulofen «Bé Omid é Didar» eta Jafar Panahiren eta Mojtaba Mirtahmasben «In Film Nist». Beren herrian bizi duten egoera gogorrarengatik bat egin dute eurekin.

VENEZIA

Abuztuan eta irailean izanen den Veneziako jaialdian, Marco Bellocchio zinegile italiarrari emanen diote Urrezko Lehoia, «Nel nome del padre» lan ezagunaren egileari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo