Senpereko lakua itsaso bilakatu da milaka lagunen elkartasun tantei esker
Antolatzaileen parioa onik irten zen atzokoan, milaka eta milaka euskaltzalek erantzun baitzioten Senpereko lakuan jarritako hitzorduari. Hiru esalditxo aski dira ikastolen jaia nola iragan zen laburbiltzeko: giro zoragarria, eguraldi ezin hobea eta parte hartze bikaina.
Arantxa MANTEROLA
Iazko edizioan ez bezala, atzo eguraldi onak ez zuen huts egin Herri Urratsen 28. edizioan. Goizetik nabaria zen aurtengo festa arrakastatsua izango zela. 10.00etan zen irekiera ofiziala, eta, ordurako, antolatzaile eta jendarmeek herriguneko irteeratik berehala desbideratzen zituzten lakurantz zihoazen autoak. Hala, soil-soilik autobusei uzten zieten jarritako hezia zeharkatzen.
Sarrera nagusia igarota, ohiko artisauek beren lanak egiteko eta saltzeko mahaiak paratuak zituzten edonor aho-zabalik uzteko moduko bitxi eta eskulan ederrekin beterik. Gainerako txosna eta saltokietan ere dozenaka lagun -ikasleen gurasoak gehienak- azken prestaketak amaitzen ari ziren.
Jendearen etorrerari segituan egin behar izan zieten aurre. Esaterako, eguerdia itxaron gabe, askok taloarekin hamarretakoa egitea deliberatu zuten eta berehala mordoa saltzen hasi ziren. Joera bertsua izan zuten aurtengo arropak saltzen ari zirenek, eguerdirako jada hainbat mota edo koloreko jantziak agortuta baitzeuden. «Krisiak kolpatzen jarraitzen du eta eragina izanen da, segur -zioen salmenta lanetan zebilen ama gazte batek-, baina ez gara kexu, arropa ongi saltzen ari gara».
Joaldunek, txarangek, beren trikiti edota gaitekin handik eta hemendik jindako taldeek berehala hartu zuten lakua inguratzen zuen ibilaldia. Jende uholdea ere izugarria zen.
Zuhaitzen gerizpean
Goiztiarrek hartuak zituzten bazkari ederra egiteko leku hoberenak. Zuhaitzen gerizpean zein muinoetan kokatutako mahaiak ziren, zalantzarik gabe, guztien artean estimatuenak. Araba guneko horrelako batean zegoen Errenteriako adineko bikote bat. Aparteko talaiatik jendeari, musikariei zein dantzan ari ziren gazteei begira zeuden. «Aspalditik etortzen gara, 25 urtez geroztik gutxienez. Lehen seme-alabekin, gero ilobekin eta orain bakarrik», zioten jendearen zurrunbiloak eskaintzen zuen ikuskizunaren tarte bat bera ere galdu gabe.
Atzoko jaian ere, gazteak gero eta gehiago dantzatzen direla agerian geratu zen. Hazparnetik heldutako neska talde bat, esaterako, jo eta su, gelditu gabe, ari zen mutxikoak dantzatzen. «Mutxikoak» aipatu ditugu, baina, egian esan, dantzarien artean mutilak baino neska askoz gehiago zegoen, nabarmen.
Batzuk dantzan, besteak ostatuan eta Sarako eta Azkaineko ikastoletakoak prestatutako paella erraldoia dastatzeko prest lehen bazkaltiarrak: Bretainiatik etorritako dantza taldeko kideak, beren jantzi eta guzti. Behin beren emankizuna amaituta, 12.30ean jateko zain zeuden jada mahaian eserita.
Haurren Txokoan, beti bezala, animazioa izugarria zen. Irrien Lagunak Klubaren kideek hamaika jolas, margo, eskulan, makillaje... eskaintzen zizkieten haurrei, Porrotx, Largabista, Marimotots eta Marikalanbre tartean zirela.
Puzgarri ikusgarrietan jauzi egiteko, eskalatzeko pareta igotzeko edo jumping-ean gora eta behera ibiltzeko ilaretan jarrita beren txanda noiz heldu zain, pazientzia paregabea erakusten zuten bai haurrek baita beren gurasoek ere.
Urtero egiten den moduan, euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazioak ere senide eta lagunen kemena begi bistan utzi zuen. Sarrera nagusitik abiatuta, presoen argazkiak eskuetan, ehunka lagunek itzulia eman zioten lakuari.
«Eskubideak orain. Presoak etxerat!» zioen manifestazioaren buruko pankartak. Ibilbide ertzean zeudenek, txaloen artean errepikatzen zituzten manifestarien leloak: «Presoak kalera, amnistia osoa» edo «Euskal presoak, etxerat!».
Eguerdian oraindik trumilka zetorren jendea. Ostatuak lepo zeuden eta jendea otorduari ekiteko prest. Beren bokatak aterata, Irurita eta Gartzaineko baztandar koadrila bateko kideek txiki-txikitatik gurasoekin batera egun-pasa egitera Senperera nola etortzen ziren gogoratzen zuten. «Orain gure aldetik ondo pasatzera etortzen gara, baina baita euskara eta Iparraldeko ikastolei gure elkartasuna ekartzera ere», zioten.
Gazte anitz
Donapaleutik, Antzuolatik, Galdakaotik, Laudiotik... Euskal Herri osoko txokoetatik heldutako gazte taldeen presentzia nabarmena zen.
Asko irrikatan zeuden arratsaldeko kontzertuak noiz iritsiko. «Berri Txarraken kontzertua ikusi nahi dugu batez ere, baina Izate ezagutzeko aukera ere aprobetxatuko dugu», zioen Ultzamako neska talde batek.
Arratsaldeko musika taldeen emankizunek, espero bezala, jendetza bildu zuten. Gazte giroa nagusi zen Nafarroa guneko oholtza handiaren aitzinean.
Ikastoletako makrojaiara joaten den jendeak badaki, haatik, aukera askotarikoa -baita beste kulturetakoa ere- eskaintzen diela Herri Urratsek. Horren lekuko izan ziren atzo euskaraz eta gaskoiz abesten duen Xarnege (edo Sharnègo, gaskoiz) taldearen emanaldia edota 1986tik musika zeltaren sustraiak munduan zabaltzen ari den Luar Na Lubre talde galiziar ezagunaren kontzertua.
Pozik agertu ziren, gainera, Senperen izateaz. «Herri Urratsen helburua eta gurea bertsua da. Bakoitzak beren hizkuntza, kultura eta herria babestu eta gorde nahi dugu. Horrenbestez, nolabait etxean izango bagina bezala aurkitzen gara hemen», esan zuen Galiziako taldeko kide batek.
Jai giroan eta gozamenean murgildu aurretik, beste ohiko hitzordua izan zen Senpereko lakuan. Lehen orduan, ibilbidearen ireki ostean, ekitaldi ofiziala izan zen. Atzoko nobedadea, Georges Labazee Paueko Kontseilu Nagusiko lehendakari berriaren presentzia izan zen.
Bere «erro eta ama hizkuntza biarnesari atxikia» dagoen heinean, euskararen eta euskarazko hezkuntzaren alde Seaskaren ahalegina ere «guztiz ulertzen» duela adierazi zuen PSko buruzagiak, Departamenduko erakundean, azken urteetan, hizkuntza gutxituekiko izandako bilakaera nabarmendu aurretik:«Duela 20 bat urte ekipamenduak eta azpiegiturak zuten lehentasuna gure jardueran. Geroztik, garapenak globala izan behar duela ohartu gara, baita kulturaren eta hizkuntzaren esparruak ere politika integralean sartuta daudela».
Lakuan, mundu bat
Aldez aurretik, Senpereko auzapez Christine Bessonartek ere hitza hartu zuen, 28 urtez geroztik Herri Urrats bere udalerrian hartzeaz «pozik eta harro» dagoela adierazteko.
Protokoloa jarraiki, hitzaldi ugari izan ziren, tartean, EIEko Koldo Telliturena edota Euskaltzaindiako lehendakari Andres Urrutiarena. Aurtengo leloari -«Laku bat munduan» - buelta emanda, «lakuan mundu bat, euskaltasunez eta euskaltzaletasunez beterikoa» behar dugula esan zuen.
Akitaniako kontseilari Frantxua Maitiak, berriz, lizeo berria egiteko eskualdeko instituzioaren laguntza agindu zuen, «euskararen egoera gizarte osoaren afera» dela gogoratuta. Atzokoan zeregin horretan instituzioek duten ardura argi geratu zen beste behin ere. Erantzukizun horri osoki aurre egin bitartean, euskaltzaleen eta herritarren sostengua eta elkartasuna duela eta izango duela Seaskak argiago geratu zen, ordea.
Herri Urratseko antolatzaileek, bederen, hala ikusi zuten, arratsean egindako lehen balorazioan biziki pozik agertu baitziren aurtengo edizioan izandako parte hartzearekin eta jasotako sostenguarekin.
Iaz Baionako Hotel de Basques eraikina Seaskari eman zioten Claire eta Ximun Haran anai-arrebak omendu zituzten atzo Herri Urratsen. «Euskara salbatzeko eta bizirik segi dezan» egindako emaria eskertzeko, oroigarri bana eskaini zieten Seaskako arduradunek, biei, bildutakoen txaloen artean.
Bretainiako Diwaneko bi ordezkarik parte hartu zuten atzoko jaian. Bretoierazko hezkuntza sareko kideek elkartasuna adierazi zioten Seaskari, eta, «arazo bertsuak» dituztenez, lankidetza indartzeko premia eta nahia berretsi zuten.
Goizeko ekitaldi ofizialean, Estatu frantseseko Hezkuntza ordezkariari erreserbatutako kadira hutsik geratu zen Seaskak behar dituen irakasle postuak onartzeari uko egiten dion Bordeleko Akademiako burua Herri Urratsera etorri ez izana salatzeko.
Paxkal Indo Seaskako lehendakariak esker ona adierazi zien «bai betiko laguntzaileei bai aurtengoei ere». Enpresak, sindikatuak, erakundeak eta kolektiboak aipatzeaz gain, ekarpenak egin dituzten norbanako guztiak izan zituen gogoan.
Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) lehendakari Max Brissonen hitzartzea arretaz segitu zen atzo Senperen. Hilaren bukaeran kargua uztekoa denak, sei urte eta erdiz erakundeak egindako bidea azpimarratu eta egindako lanagatik jasotako konplimenduak eskertu zituen.
Alta, Brisson ez zen laudorioen lainoetan geratu. Egin dena «garrantzitsua» izaki ere, ez zuen gaur egun Seaskak bizi duen egoeraren larritasuna ahantzi. Hala, 2009an Hezkuntza Ministerioarekin egindako hitzarmena «berrikusteko» premia adierazi zuen. Bere ustetan, beharrak ebaluatzeko sistema finkatzeko eta ikasleek azterketak euskaraz egin ahal izateko, hitzarmeneko testuak egokitu egin behar dira, «ez baita normala, ikasketa guztiak euskaraz egin ondoren, batxilergoaren azken azterketa frantsesez egin behar izatea».
Estatua maila guztietan egiten ari den bitarteko murrizketak ezin zaizkio, bere esanetan, linealki aplikatu Seaskari, «aurreikusi baino gehiago hasten ari baita urtero». Une hauetan Seaskak eskatzen dituen irakasle postuen «legitimitatea» ulertzen zuela gaineratu zuen, baina, haatik, «aspaldiko tentsio garaietara» ez itzultzeko desio sutsua agertu zuen. Biei ala biei, izan Seaska edo Estatuko ordezkari, «talkaren bidea alboratu eta elkarrizketarena hobesteko» eskatu zien.
Paxkal Indo Seaskako lehendakariak ere bitartekoen falta hizpide izan zuen bere interbentzioan. Aurtengo Herri Urratseko irabaziak Kanboko Xalbador kolegioa berreraikitzeko erabiliko dituztela azaldu ostean, honakoa gaineratu zuen: «Herri Urrats bat baino gehiago beharko genuke Estatuak ukatzen dizkigun irakasle lanpostuen kostuari aurre egiteko».
«Kexu gara, Hezkuntza Ministerioak ez baitigu ez irakasle ez eta AVS (ahalmen urriko ikasleentzat laguntzaileak) aski onartzen. Baxoa euskaraz egiten ez die uzten gure seme-alabei eta irakasle ordezkariei gutxieneko baldintzak ere ez zaizkie errespetatzen. Ikastolen geroa, euskararen geroa dago jokoan», jarraitu zuen.
Indok gogoratu zuen bai hezkuntza bai hizkuntzak «Estatuaren afera» direla. Hala, euskararen ofizialtasuna aitortzeko eta hizkuntza gutxituak babestuko dituen lege propioa egiteko premia aldarrikatu zuen.
Hezkuntza inspektoreari dei egin zion, «orain astebete Baionako karriketan eta gaur, hemen, Senpereko lakuan bildutako milaka lagunen eskakizunak entzun eta erantzun» ditzan. I A.M.
Euskararen egoera larriaren «hobenduna» ofizialtasuna aitortzen ez duen Estatu frantsesa joz, baina baita «hurbil izanik euskara ukatu edo frantsesa eta gaztelera hautatzen» dutenen ardura nabarmenduz eskuorriak banatu zituen Segik.