GARA > Idatzia > Mundua

Ekuadortarrek Konstituzioa aldatzea erabaki dute lehen zenbaketen arabera

Correa presidentearen proposamenak onartuta, bere jardun politikoa ere indartuta atera da. Izan ere, aurrera atera dira, besteak beste, botere judiziala eta hedabideak erreformatzeko proposamenak. Boto guztiak zenbatu gabe izan arren, hainbat herrialderen zorionak jaso ditu jada Correak.

GARA |

Inkestek aurreikusten zuten bezala, Ekuadorko Konstituzioko zenbait artikulu zalantzan jarri eta zuzenketak egitea erabaki dute larunbateko erreferendumean parte hartu duten herritarrek. Rafael Correa presidenteak, horrela, bete-betean eskuratu du botere judizialaren zein prentsaren jarduna erreformatzeko aukera; ez du, ordea, hasiera batean aurreikusitako arrakastarekin egin.

Botoen lehen zenbaketek baiezkoaren aldekoen garaipena iragartzen zuten hauteslekuak itxi eta ordu eskasetara; horrekin lehertu ziren lehen ospakizunak ere. Correa, zehazki, bere alderdiaren egoitzan gotortu zen goizeko lehen orduan botoa eman ostean, eta bere alderdikidez inguratuta jarraitu zituen galdeketaren inguruko berriak. Garaipena ziurtatu zuela ikustean, lehen adierazpenak egin zituen herritarren aurrean, baina baiezkoaren eta ezezkoaren arteko alde urriak ospakizunak bertan behera uztera eta albisteak zuhurtziaz hartzera behartu zuten gerora. Izan ere, botoen %30 zenbatuta, bederatzi puntuko aldea besterik ez zegoen bi aukeren artean.

Planteatutako galderaren arabera -zazpi ziren orotara proposamenak-, gainera, emaitzak oso ezberdinak ziren; botere judiziala erreformatzeko proposamenean, esaterako, herritarren %45,27k egin zuen egitasmoaren alde, eta, %44k, kontra. Ozta-ozta lortu zuen baiezkoa komunikabideen jarduna erregulatzea bilatzen duen proposamenak ere, %46,47k egin baitzuen egitasmoaren alde eta %43,18k kontra.

Animalien kontrako tratu txarrak ahalbidetzen dituzten jaien inguruan ere, zezenketak esaterako, iritzia eman zuten ekuadortarrek. Erabakia ez zen, aldiz, beste kasuetan bezala, nazionala; tokian tokian hartu beharreko ebazpena zen. Hori horrela, askok jai nazionaltzat dutena debekatzearen kontran agertu ziren herrialdearen gehiengoan; ez, aldiz, Quiton. Hala, hiriburuan, botoen %50,6arekin, aurrera irten zen proposamena.

Chavez eta Moralesen zorionak

Boto kontaketan izandako arazoak medio, iragarritakoa baino dezente beranduago jakinarazi ziren emaitzak. Hala izanik ere, Correa presidentea zoriontzeko idatzi ofizial bana plazaratu zuten Venezuela eta Boliviako gobernuek lehen datuak jakitearekin bat. «Ekuadorko jendarte iraultzailearen izaera demokratikoa indartuta ikusi da gaur», esan zuen Hugo Chavezek. «Ekuadorko herriak aurrera daraman independentziaren eta aukera berdintasunen inguruko borrokaren baitan ulertu behar dugu garaipena», jarraitu zuen. Ildo berean mintzatu zen Evo Morales ere, erreferendumaren askatasuna eta gardentasuna goraipatuz.

correa, haserre

Rafael Correa presidentea haserre agertu zen atzo Latinoamerikako Prentsa Elkartearekin. Adierazpen askatasuna gezurrarekin nahasten dutela esanez erantzun die jasotako kritikei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo