GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA

Juanjo Lopezek finalerdietan izateko lehen urratsa eman du

Jon LEUNDA

Juanjo Lopezek eman du Bakarkako Urrezko Aizkorako finalerdietan izateko lehen urratsa, B multzoko lehen saioa irabazi egin baitzuen Ugaitz Mugertzaren aurka.

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagoan moztu izan zen egin beharreko lehen lana, eta Mugertzak irabazi zuen, 36 kolpetan enborra erdibitu eta biren aldea aterata. Ondoren, tamaina bereko enborra erlojuz kontra moztu behar izan zuten eta berriro ere gipuzkoarra gailendu zen, enborra 56 segundoan bota ostean, beste bi segundo ateraz aurkariari.

Hirugarren lanean, nafarrak emaitzari buelta eman zion, ordea, 45 ontzakoa zutik jarrita minutu eta 15 segundoan amaitu ostean, eta sei segundoko aldea kenduz Mugertzari. Laugarrengoan, 60 ontzakoa moztu behar izan zuten, eta hori 2.40n moztu zuen Lopezek, Mugertzari zortzi segundo ateraz. Iraupen proban, bi 45 ontzako, eta lau kana-erdiko moztu behar zituzten, eta Lopezek 21 minutu eta 52 segundoan burutu zituen, eta 22 minutu eta 23 segundoan Mugertzak. Denetara, 21 minutu eta 52 segundo behar izan zituen Lopezek, eta 22 minutu eta 13 segundo Mugertzak.

23 urtez azpiko proba Alkizalete II.ak irabazi zuen, eta Rodriguez II.a izan zen bigarren. Biak sailkatu ziren. Kortxero azkena geratu zen, eta kanporatuta geratu zen.

Sokatira

Lur Gaineko Euskal Herriko Txapelketa abiatu zen larunbatean Mutrikun. 680 kilokoan lehen jardunaldia jokatu zuten, eta Goiherri A izan zen onena 6 punturekin. Bigarren Mutriku sailkatu zen 5ekin, hirugarren Gaztedi A 4rekin, laugarren bina berdinduta geratu ziren Goiherri B eta Getxo, eta azkena Gaztedi B sailkatu zen puntu batekin.

Nafarroan goma gaineko lauko lehiaketa hasi da. 320 kilokoan lehen jardunaldia Amaiur taldeak irabazi zuen 8 puntu batu ostean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo