GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Gustatu ez eta haiek berriz entzuteko zain

Etxafuegoei ez diet sekula xarmarik bilatu. Ez dut inor mindu nahi, jakin bai baitakit asko direla haien zaratak zoratzen dituenak, obsesioraino; badirela etxafuegorik gabe jairik eta ospakizunik ulertzen ez dutenak.

Niri haien danbatekoak, gehienetan, ezustean harrapatzen nau eta sekulako sustoa baino ez dit transmititzen, bat, bestearen atzetik, «shippp...» hori entzunagatik, lehertzen den unean barrunbeak salto egitea ezin baitut saihestu.

Etxafuegoak eskuan hartzen dituztenek, gainera, ez dute sekula nahikoa izaten harik eta bildutako guztiak lehertzen dituzten arte; intxaurrak jatearen pare izango da seguruenik, bi jateko asmoarekin hasi eta konturatzerako hirugarrena, laugarrena eta bosgarrena ere irentsi dituzu; eta ontzia gordetzen duzu, seigarrena, zazpigarrena eta zortzigarrena ez jateko. Total, behin etxafuego bat entzuten duzunean dozena bat entzuteko prestatu behar izaten duzula, danba eta danba.

Bistakoa da, niri ez didate aparteko zirrararik eragiten etxafuegoek, baina onartu behar dut haien atzean askotan zirraragarri zaizkidan kontuak ezkutatzen direla eta zenbaitetan hain dela pozgarria albistea, etxafuegoak ere bilakatzen zaizkidala askatzaile.

Irratiari lotuta neraman gaua, danbatekoaren zain; ia bi ordu «shippp!» iragarlea entzuten, baina «pummm!»-ik entzun gabe. Bazetorrela eta bazetorrela, etorri zela eta etorri zela, ez zela, ez zela... genbiltzanean, lehertu zen notizia eta harekin batera hasi ziren kale bazterretan, ozen eta argitsu etxafuegoak lehertzen, melodiko, lasaigarri.

Orduak generamatzan barrenak dantzan genituela eta danbateko ozenak ezin zituen jada gehiago astindu. Poza eta irribarrea lehertu zituzten lehengoan etxafuegoek, nolakoa gainera! Baina ez, nik ez ditut gustuko etxafuegoak eta, hori argi izanda ere, berriz ere noiz entzungo zain nago dagoeneko, irrikan. Susmoa daukat, gainera, laster, hilabetea amaitzerako, izango dudala horretarako okasioa, haiek ere pozgarriak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo