Mikel Ibarguren Idazlea
Gau luzeko historia
Bada garaia gau luzeko historia hau amaitu eta presorik eta errepresaliaturik izango ez den egunsenti berri bati ekiteko
Xabier Montoiarentzat historia David Bowiek hilea moztu zuen egunean hasi zen. Niretzat, aldiz, -eta nire belaunaldikoentzat- Gatza kartzelan sartu zuten garaian hasi zen. 14 urte baino ez nituen, lumatu gabea oraino, euskara eta Euzkadi bezalako kontzeptuak -konnotazio politikorik gabe, noski- buruan nerabilzkien aitari esker, Sabino Arana izeneko batek «Euzkadi da euskaldunon aberria» esan omen zuelako.
Gogoan dut lagun baten ganbaran pilaturiko «Punto y Hora» aldizkariak irakurriz beste mundu bat zabaldu zitzaidala begien aurrean. «Zeruko Argia»-k banatzeari utzi ostean Marx eta Lenin hautatu nituen eta handik gutxira etorri zen literaturaganako hurbilketa ere, J. A. Arrietaren «Manu Militari» liburuarekin. Ondotik etorri ziren herrestan Txillardegiren «Leturiaren egunkari ezkutua», R. Saizarbitoriaren «Egunero hasten delako», K. Izagirreren «Euzkadi merezi zuten», eta abar.
Gaztaroko bizitza hark aurrera egiten zuen bultzatu beharrik gabe. Berak genekartzan olatu handi batean uholdeka, mundua irentsi beharrez bizi ginen; hots, pentsatzen jarrita zer ez dugu egin, zer ez zaigu gertatu edo zer ez dugu bizi izan Gatza espetxeratu zutenetik? Bizi arteko onik ez geneukan garairako Gatza, Elurtxuri eta beste hainbat preso bizi arteko kartzelara zigortuak izan ziren. Eta, zinez, orain -kartzelatik irteten ikusi ditudanean- ohartu naiz nola denbora badoan. Nola jada ez garen garai hartako mutiko betibizi haiek. Nola berauekin batera gure bizi puska bat ere markatua gelditu den. Marra psikologiko bat iragan bagenu legez.
M. Sarasketari entzuna naiz, barrutik atera zelarik, buruan zuen marra imajinario bat zeharkatzea bezala izan zela. Charlie Bauer borrokalari ezagunak dio bat ez dela kartzelatik inoiz ateratzen, kartzelarekin ateratzen dela. Oraintsu, frantziar Estatuko presondegietan eskolak ematen dituen Genepi elkarteak ondorioztatu du zigor luzeak ezartzea de facto heriotza zigor geldoa aplikatzea dela. Hamarkadatan askatasunik gabe bizitzeak heriotza soziala eragiten duelako.
Horren harira eta prozesu guztietan gertatu bezala, presoen hitza ezinbestekoa dela esatera etorri dira duela gutxi Robert Mc Bride hegoafrikarra eta Joseph Doherty irlandarra. Preso politiko ohiak biak ala biak. Eta eman duten mezua (lezioa) argia da: «Britainiako Gobernuak ere onartu zuen preso politikoak oinarrizkoak direla bake prozesuetan», diosku irlandarrak. «Preso politikoak bazter utzita konponduko den gatazkarik ez duzu aurkituko», berriz, hegoafrikarrak.
Gurean, nahiz eta aro berria ate joka ari den, irakaspenok ez dute oihartzunik izan. Aitzitik, mendekua zigor-makila dutela, meneko nahi dituzte presoak. (Duela gutxi Jon Paroti baldintzapeko askatasuna ukatu diote beste euskaldunekin mintzatzen delako; are, euskal egunkariak irakurtzen dituelako). Baina bada garaia gau luzeko historia hau amaitu eta presorik eta errepresaliaturik izango ez den egunsenti berri bati ekiteko. Bada garaia zigor kodeak, doktrinak eta auzitegiak bukatzeko. Bada garaia, hiztegi berri bat egiteko, herri bezala marra imajinario hori zeharka dezagun, behingoz. Urratsa egin dezagun, finean.
Zinez, bada garaia.