Italiako epaileak ikertzeko batzorde bat egin nahi du Berlusconik
Silvio Berlusconi Italiako Lehen ministroak epaileak ikertzeko batzorde bat eratzeko proposamena egin dio bere alderdiari, izan ere «delitu egiteko elkartea» antolatu duten susmoa du. Abokatu bati bere lekukotza aldatzeko dirua ordaintzea egotzi diote Berlusconiri.
GARA |ROMA
Italiako epaileak «delituak egiteko elkartea» osatu duten ikertzeko batzorde bat osatzeko asmoa duela esan du Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak. Milango auzitegira iritsi zenean egin zuen iragarpen hori Berlusconik, bere aurkako epaiketa egitekotan zirela, hain zuzen, «Mills auzian» abokatu baten testigantza erosi izana leporatu diotelako.
«Magistraturan delituak egiteko elkarte bat ote dagoen ikertzeko batzorde bat osatzeko proposatu dugu alderdian. Izan ere, beti epaile berberek jotzen dute nire aurka», adierazi zuen.
«Ez da egia epaile guztien aurka nagoenik. Nire aurkako salaketek oinarririk ez dutela esan dutenei eskerrak ematen diet», gaineratu zuen.
Hala ere, Roberto Lassini alderdikidearen ekimenetik urrundu nahi izan zuen Berlusconik. Lassinik «Brigada Gorriak Fiskaltzatik kanpora», zioten kartelak banatu zituen. Hori ez zuen egokitzat jo Lehen ministroak, eta «terrorismoak hildako epaile heroien aurrean makurtu beharra» aipatu zuen.
Laugarren aldiz joan da Berlusconi Milango auzitegira. Honakoan, bere abokatu ohi David Mills britainiarri bi epaiketetan bere testigantza alda zezan 600.000 dolar ordaintzea leporatu diotelako.
Berlusconik behin eta berriro esan du ez duela gogoan Mills ezagutu izana, bere jabetzako Finivest taldeko kidea izanda ere, enpresa horrek atzerrian abokatu asko zituelako. Bere esanetan 600.000 dolar horiek italiar armadore batek ordaindu zizkion Mills abokatuari Britainia Handiko zergak saihesteko.
Baina Mills epaitu dute jada auzi horren beste adar batean, eta erruduntzat jo, Berlusconiren aldeko «ustelkeria judizialagatik». Auzietan lekukotza faltsua ematea egotzi zioten, baina delitua 2010eko otsailaren 25ean preskribatu zela ebatzi zuen Italiako Auzitegi Gorenak.
«Ez dut gogoratzen»
«Hau da okerrena. Barregarria, zentzugabea eta sinestezina da Estatu italiarrak horrenbeste diru gastatzea halako auzi batean: ez dago kausarik, ez dago ordainketaren frogarik», esan zuen lehen ministroak. «Ez dut gogoan Mills ezagutu izana. Argazki bat ikusi nuenean ez nuen ezagutu», gaineratu zuen. Bere iritziz, bere aurkakoa delako baino ez du egin auziak aurrera.
Lehen ministroa Milango auzitegira iritsi zenean tentsio uneak izan ziren. Pietro Palau Giovanetti Robin Hood Justiziaren aldeko Mugimenduko presidenteak Gobernuko buruaren jarraitzaileei errieta egin zien-eta. Ondoren Poliziak tokitik eraman zuen.
Mills abokatuak beste bi auzitan eman beharreko testigantza bere aldekoa izan zedin 600.000 dolar ordaintzea leporatu diote Silvio Berlusconiri.