GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN

Bildurekin ez, ituna PPrekin egingo duela PSEk dio EAJk

p005_f02_199x132.jpg

GARA | DONOSTIA

Patxi Lopezek Bildurekin inolako itunik ez dutela egingo adierazi ondoren, beste eragile guztiak horren inguruko iritzia ematen hasi dira. Besteak beste, Iñigo Urkullu EAJko agintari nagusia. Atzo Durangon esan zuenez, iragarpen horretan ez dago berririk, gauza jakina baitzen. «Jakina, nori engainatu nahi dio ba? -esan zuen-. PSEk ezin du Bildurekin itunik egin, PPrekin egin behar duelako».

«Basagoitirekin duen zorra ordaindu behar du Lopezek», erantsi zuen Urkulluk. Bere hitzetan, «berunezko ituna» da PSEren eta PPren artekoa, eta horregatik argi utzi zuen Antonio Basagoitik berak atzo, Madrilen, Lakuako akordioa ez duela «inoiz» apurtuko.

«Akordio hori hautsiezina da», Urkulluren ustez. Hori ziurtzat eman ondoren, alternatiba bakarra boza EAJri ematea dela esan zuen EBBko buruak. Eta beraien aldetik bake agertokia bultzatuko dutela esan zuen agintari jeltzaleak Durangon eginiko hitzaldian: «Garai berria proposatzen dugu, indarkeriarik gabekoa, ilegalizaziorik gabekoa, eta blokerik gabekoa».

«Bakea lortzeko aukera paregabea dugu -gaineratu zuen Iñigo Urkulluk-. Une politikoa garrantzitsua da hau eta honetaz baliatu behar dugu».

PP: «Hildakoa berpiztu»

Lopezen adierazpen ondoren, PPk ere Bilduren aurkako jarrera gogortzeko beharra ikusiko zuen. Antonio Basagoitik Burgosen emandako prentsaurreko batean adierazi zuenez, benetan sineskaitza litzatekeena PPren eta Bilduren arteko akordioren bat izatea da. Ohi bezala, metafora batekin irudikatu nahi izan zuen ezintasun hori: «Hildako bat berpiztea baino zailagoa litzateke hori».

Are gehiago, Mariano Rajoy Moncloara iristen bada, orain erakundeetara sartuko diren hautagai horiek «etxera bidaltzeko» ahaleginduko dela zin egin zuen Basagoitik. «Koherenteagoa zen hauteskundeetan egoten ez uztea, baina...», deitoratu zuen PPko agintariak. Izan ere, bere ustean azkeneko urteotan «aurrerakada handia egin da terrorismoaren aurka», eta Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren ondoren, aldiz, «atzerapausoa eman da».

Bildu koalizioari dagokionez, Tolosan egindako mitinean bere emaitzen inguruko hipotesiak hizpide izan zituen Onintza Lasa EAko kideak, joko eremua goitik behera aldatu dela nabarmentzeko.

«Batzuk aritmetikan aritu dira egunotan -ekarri zuen gogora Lasak-. Lehenik, ostegun gaua baino lehenago. Eta ondoren? Ere bai. Beste batzuek, berriz, oinarri-oinarrizko eskubideak errespetatuak izan zitezen lanean egon behar izan dugu. Jarraitu egin dugu».

Bildu: «Biktimismoa?»

«Nik, egia esango dizuet, ez nekien zer pentsatu, sentitu... arduradun politiko batzuei biktimismoa utzi eta proposamenak egiteko eskatzen zitzaigunean -salatu zuen, EAJko hainbat agintariren jarrerari erreparatuz-. Proposamenak bagenituen eta baditugu. Pila bat. Izan ez duguna askoren aldetik babesa da, eta gainera, txisteak egiten».

«Kalkulagailuak oraingoan, ordea, `error' ematen die hainbati. Akatsa. Ekuazioan Bildu elementua sarturik, ez zaizkielako kontuak nahi bezala ateratzen. Marjinazio baten ondoriozko ordezkaritza tranpeatuak bukatu direlako. Orain -eta honela behar zukeen lehenago ere, eta beharko du etorkizunean ere- marjinaziorik gabe aukera guztiak egongo direlako hautestontzietan, esklusiorik gabe», esan zuen Onintza Lasak.

KALKULAGAILUA

Tolosan Bildu-ren ordezkari Onintza Lasak esan zuenez, hainbatek kalkulagailua eskuetan zuen, baina orain «`error' ematen dio. Akatsa. Ekuazioan Bildu elementua sarturik, ez zaizkie kontuak nahi bezala ateratzen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo