Errandonea: «Oso harro nago 25 urtez Euskal Herriaren alde borrokatu izanaz»
Espetxe atarian gertukoen lehen besarkadak jaso ostean, atzo Oiartzunen harrera beroa egin zieten Ander Errandonea «Ordoxelai» eta Estanis Lopez euskal preso politiko ohiei. 1986an atxilotu zituzten, polizia operazio berean, eta harrezkero 25 urte eman behar izan dituzte biek kartzelan. Atera bezain laster, Bilduren aldeko kartela erakutsi zuten.
J. ARRONDO | DONOSTIA
«Oiartzuarrez esanda, espetxetik irteera oso emozionantea izan da. Hunkigarria, liluragarria, pozgarria eta oso ederra». Mende laurden espetxean eman ondoren, pozez eta emozioz gainezka atera zen atzo goizean Ander Errandonea, Ordoxelai, Herrera de la Manchako (Ciudad Real) espetxetik. Goizeko lehen ordutik, hogeiren bat senide eta lagun espetxeko hesiak noiz zeharkatuko zain zituen kanpoan. Hain justu ere, 10.40 inguruan irten zen oiartzuarra eta senitartekoek lehen ongietorria eman zioten atarian. Ikurrinen artean, Bildu eta «Independentzia eta sozialismoa» zioen kartel bat atera zuten espetxe aurrean, hurrengo hauteskundeak buruan dituztela agerian utziz. Espetxea barruan eskuz egindako leloak ziren.
Atzokoa «egun zoriontsua» izan zen Errandonearentzat. Espetxean emandako hogeita bost urteen gaineko balorazioa egiteko goiz zela esan bazuen ere, Euskal Herrirako bidean zetorrela Burgos parean honakoa aitortu zion GARAri: «25 urtez Euskal Herriaren alde borrokatzea harro egotekoa da, sekulako poz pertsonala eta egindakoaz konbentzituta nago erabat».
Espetxetik irten berritan ezker abertzaleko kide guztiei agur bat bidali nahi izan zien preso ohiak eta espetxean diren euskal presoak ere gogoan izan zituen: «Nire poz guztia barruan dauden kideei». Era berean, «dauden lekuan daudela ere gudari guztiei, ihesean eta ezkutuan dabiltzan guztiei» besarkada bidali zien Errandoneak.
Azken urteotan Carabanchel (Madril), Alcala Meco (Madril), Ceuta, Salto del Negro (Malaga), Huelva (Huelva) eta Herrera de la Manchako espetxeak ezagutu ditu oiartzuarrak. Zehazki, 23 urte zituela atxilotu zuten eta datorren astean beteko ditu 48.
Senide eta lagun artean
Zertxobait lehenago, goizeko bederatziak jo berritan, 1986an Errandonearekin batera atxilotua izan zen Estanis Lopez atera zen Castello I (Valentzia) kartzelatik. Gazte independentisten elastiko gorria zeraman soinean preso ohiak eta ikurrinak zein presoen etxeratzearen aldeko oihalak eskuetan zituzten hogeiren bat lagun zituen kanpoan zain goizeko lehen ordutik. Hunkituta eta pozez gainezka besarkatu zuten preso ohia, autoan sartu eta Euskal Herrira abiatu baino lehen.
Lopezek 19 urte zituen atxilotu zutenean eta 44rekin irten da, tarte horretan Carabanchel (Madril), Alcala Meco (Madril), Herrera de la Mancha (Ciudad Real), Valdemoro (Madril) eta Castelloko (Valentzia) kartzeletan izan dute, sakabanaketa politika dela medio. Bi preso ohiak, beraz, atzo itzuli ziren Oiartzunera 25 urteren buruan eta bertan zain zituzten ehunka lagunek harrera beroa eskaini zieten. Hain zuzen, 1986ko maiatzaren 17an atxilotu zituen biak Guardia Zibilak, beste bi lagunekin batera, ETAren aurka egindako polizia operazio batean eta 30 urteko espetxe zigorra ezarri zieten.
2001 urtean bete zituzten zigorraren hiru laurdenak, eta orduz geroztik Oiartzungo amnistiaren aldeko mugimenduak sarritan eskatu du euren kaleratzea, zigorra beteta duten gainerako presoak eta gaixo daudenak askatzeko eskatzearekin batera.
Amnistiaren aldeko mugimenduak «bahituta» izan dituztela salatu du, «urte luzeetan beraien senide eta lagunengandik urrun, aberria ezin ikusirik». Urte hauetan, bestalde, «espetxeetan bizi den egoera krudelaren testigu garbia» izan direla erantsi dute. «Gobernuak diseinatutako espetxe politika hiltzailearen ondorioz, Euskal Herritik urruti egon dira», gogorarazi dute oiartzuarrek.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren azken datuen arabera, 707 herritarrek osatzen dute taldea. 149 Estatu frantsesean daude, 540 Estatu espainolean, bat dago Portugalen eta beste bat Irlandan. Era berean, zazpi etxean preso dituzte, gaixotasun larriak jota.
Larunbatean Arrasaten Ertzaintzak izandako jarrera dela-eta, amnistiaren aldeko mugimenduak ilegalizazioaren alde agertutako herriko hautagaiei galdetu die ea ontzat jotzen duten Ertzaintzaren jokabidea. Era berean, gaixo larriak dituzten presoak espetxean egon behar izatea edota oro har ezartzen dieten dispertsioa ere ontzat ematen ote duten galdetu die. Horrekin batera, espetxe politika «egun Europan dagoen indarkeria politiko handienetarikoa» dela salatu du.
Bestalde, «Aresen poliziak» gehiengoaren eskakizunari indarrez erantzun ziola azaldu zuten, izan ere, Ertzaintza bertara gerturatu zenean, hitz egiteko aukerarik eman gabe, jendea «jipoitzen eta atxilotzen» hasi zirela azaldu dute. Horren harira, Arrasateko plazan Jon Agirre Agiriano agurtzeko asmoz adin guztietako herritarrak batu zirela gogora ekarri du. «Hainbeste aldiz demokratak direla entzuten diegun horiek armak eskuan etorri ziren, lurrean eserita eta era baketsuan beraiek urratzen dituzten legeak betetzeko deituta zegoen kontzentrazioa indarrez sakabanatzera», azaldu du.
Preso politikoen aldeko aldarrikapenek jarraipena izango dutela azaldu du amnistiaren aldeko mugimenduak. «Gure herriaren nahiak eta gure herritarrek adierazten dutena, herriko eragile eta herritar askok eta askok behin baino gehiagotan aldarrikatu dutenak» ez duela etenik izango iragarriz. Beraz, herritarrei dei egin die presoen eskubideen defentsan indarrak metatzen jarraitzeko, guztien artean bidea egiten jarraitu ahal izateko. GARA