GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Unai Apaolaza Amenabar http://basque.criticalstew.org/-eko kidea

Abertzaletasunetik independentismora

Antagonismoak euskal estatua nahi dutenen eta espainiar edo frantziar estatuan segitzearen alde leudekeenen artean egon beharko luke; ez kultura edo hizkuntza bat edo bestea dutenen artean

Helburu politiko bat, jendarte batek izan dezakeen helburu politiko bat, utopiaren esparrutik posiblearen eremura igarotzen denean, helburu horren gertutasunaren seinale omen da eta ondorioz, jendarte horrek posible den horretaz gero eta sarriago hitz egingo du. Nire asmoa, hortaz, independentziaz hitz egitea da.

Zer egiten du diskurtso abertzaleak? Diskurtso abertzaleak, beste edozein diskurtso nazionalistak bezala, nazioa zedarritzen du, hau da, diskurtso abertzaleak naziokoa nor den eta nor ez den esaten du. Horrela, diskurtso abertzaleak naziokide izateko zer baldintza bete behar diren azaltzen du. Baldintza horiek, ezaguna den moduan, Sabino Aranak abertzaletasuna sortu zuenetik aldatuz joan dira. Lehenik, arraza zen naziokoa izateko baldintza, gero euskal kulturakoa izatea eta geroago hizkuntza. Hirurogeiko hamarkada bukaerarako Euskal Herrian bizi eta lan egitea zen bete beharreko baldintza.

Baina diskurtso abertzaleak zertarako mugatzen du nazioa? Galdera honi erantzun egokia emateko, lehenik eta behin, naziotasuna zer motatako identitatea den argitu behar da. Naziotasuna edo identitate nazionala identitate politikoa da. Zergatik? Proposamen politikoen bidez jendartean eragin nahi duen subjektua izendatzen duelako. Beraz, diskurtso abertzaleak politikan eragin nahi duen pertsona multzoa mugatzen du. Zedarritze hau faktore objektiboekin (arraza, kultura, hizkuntza, historia...) egiten du, hau da, borondateaz kanpoko baldintzekin. Horrela, eta naziotasuna identitate politikoa dela onartuz gero, hizkuntza edo kulturarekin identitate hori mugatzeak adibidez, absurdoa izateaz gain, ez liguke identitate politiko bat emango, identitate linguistiko edo kultural bat baizik. Naziotasuna borondateaz kanpoko faktoreekin mugatzeak borondatean oinarritzen den politikotasuna kentzen dio eta ondorioz naziotasunak identitate politikoa izateari utziko lioke. Naziotasuna izateari utziko lioke alegia.

Honekin ez diot hizkuntzari garrantzirik kendu nahi, naziotasunaren eraikuntzan faktore/sinbolo sendoa izatean baitu bere indarra, ez naziotasuna determinatzean. Hizkuntzak identitate nazionala determinatzeak identitate esentzialista bat emango luke; naziotasunerako borondatea kontuan hartuko ez lukeelako. Asko sinplifikatuz, diskurtso abertzaleak kasu horretan ondorengoa esango liguke, independentziaren alde egoteko adibidez, euskara duena izan behar dela. Beraz, baldintza linguistiko, kultural... bat betetzeak derrigorrean helburu politiko baten aldeko bihurtzen zaituela aurresuposatzen dute diskurtso abertzale ezberdinek.

Diskurtso abertzaleak ehun urte pasa daramatza nazioa den subjektu politiko hori definitu nahian. Horretarako, gehienetan faktore/sinboloekin saiatu da mugatzen. Bistan denez, oraindik gurpil horretan gabiltza jira eta bira adostasunik lortu gabe. Diskurtso abertzaleak naziotasuna faktore objektiboetan oinarritzeak, erresistentziarako estrategia bat dela uzten du agerian, ez helburu politikoak lortzeko estrategia. Hau da, hemen gaudela eta bagarela agerian jartzeko estrategia da. Baina diferentzia datu objektiboekin zedarritzeak ez du ahalbidetzen identitate politiko bat zabaltzea. Zergatik? Besteak beste, euskalduntasuna ulertzeko eta bizitzeko modu bat eta bakarra ez dagoelako. Hau da, identitate nazionala eraiki eta indartzeko pertsonak bezainbat bide dagoelako.

Subjektu politiko osoa datu objektibo bat(zu)ekin definitu nahi izatea denbora galtzea da. Denbora galtzea da subjektu politikoa zabaltzeari atakak jartzen dizkiolako. Beraz, helburu politikoak erdiesteari begira ez du balio. Ez du balio zer garen azpimarratzen baitu, ez zer nahi dugun. Eta eustera bakarrik mugatzen den estrategia politikoak ez ditu sekula bere helburuak lortzen; helburu politikoak lortu ahal izateko, gure existentzia baieztatzetik haratago joan behar baikara. Hau da, izate, existitze hori zertarako nahi dugun azpimarratu behar dugu.

Diskurtso abertzalearen akatsa, antagonismoa euskal proiektu politikoaren (independentziaren) alde eta espainiar edo frantziar proiektu politikoaren alde leudekeenen artean oinarritu beharrean, faktore objektibo konkretu batzuk dituztenen eta ez dituztenen artean oinarritzea izan da. Antagonismoak euskal estatua nahi dutenen eta espainiar edo frantziar estatuan segitzearen alde leudekeenen artean egon beharko luke; ez kultura edo hizkuntza bat edo bestea dutenen artean.

Horrela, independentzia lortzeari begira eraginkorrak izan nahi badugu, nazioa deitzen diogun subjektu politikoak helburu politikoari begira, independentziarekin alegia, definitu behar du bere burua, ez faktore objektiboekin. Hau egiteak independentismoaren potentzialtasuna askatzea ahalbidetuko luke; independentista izateko aurrebaldintza bakarra horixe bera litzatekeelako, hots, independentzia nahi izatea, ez besterik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo