GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA

«Arkeologoak saiatzen gara `aktoreek' euren esperientziaz zer dioten entzuten»

p022_f01_111x111.jpg

Constanza Ceruti
Goi mendietako arkeologoa

Buenos Airesen jaioa, txikitatik garatu dituen bokazioak, mendia eta giza ikerketa, batean uztartzeko modua bilatu du: goi mendietako arkeologian aritzen da. Samurrak ez diren une asko igaro ditu mendian, baina bertan asko aurkitu du. Guztiaren berri eman zuen pasa den astean Tolosan.

Maider EIZMENDI | DONOSTIA

Naturaldia, Tolosako Natur Jardunaldietan hitz egin zuen pasa den astean. Inguruko mendiak bisitatzeko aukera ez zuen galdu nahi izan, benetako pasioa baita berarentzat. Goi mendietako arkeologo moduan bizipen ugari izan ditu; samurrak ez direnak asko, aurkikuntza garrantzitsuei lotutakoak beste batzuk. 1999an egin zuen bere aurkikuntza nagusia Llullaillaco (Txile) sumendian: «Momia haurrak» izenez ere ezagutzen dira, inoiz kontserbazio egoera onenean topatu diren gorpuzkinak. Iturri historikoek ez bezala, ebidentzia arkeologikoek, eta bereziki, bioantropologikoek, euren esperientziaren berri ematen dutela azaldu du. «Gure lana, ikuspegi zientifikotik eurei entzutea da». Oraina eta iraganaren arteko sokari egiten dio erreferentzia, batak bestea ulertzeko duen garrantzia mahaiaren gainean jarrita.

Goi mendietako arkeologia: mendia eta zientzia, zure bi afizio nagusiak, bakarrean uztartu eta lanbide bilakatu dituzu. Nondik nora egin duzu bidea?

Umetatik, zortzi edo bederatzi urte nituenetik, zientzia bokazioa sentitzen nuen. Gizakiaren azterketan oinarritutako zientzia eta aire librean egiten zena nituen buruan. Nire gurasoen eragina, nire aitarena bereziki, handia izan da, Historiaren gaineko interes handia baitzuen. Buenos Airesen jaio eta hazi nintzen, eta, beraz, inoiz ez nuen mendia gertu izan. Hamalau urte nituela, ordea, mendi kozkor bat igo nuen, eta lehen esperientzia hark, mendia, paisaia harekin... liluratu egin ninduen eta erabaki nuen mendia nire bizitzaren parte egin nahi nuela. Horrenbeste markatu ninduen hark, ezen gauean ere mendiekin egiten nuen amets.

Nola oso ondo jakin gabe, ez baitzen oso diziplina ezaguna, iritsi nintzen mendi garaietako arkeologiaren berri izatera. `Hau niretzat da!' pentsatu nuen nire artean, ikuspuntu zientifikoago batetik egiten den gizakiaren ikerketa eta mendia uztartzeko aukera ematen baitit.

Halabeharrez, prestaketa prozesu luzea izango da, akademikoki ez ezik, fisikoki ere prestatu beharko zenuen.

Lehen urteetan unibertsitate ikasketak egin nituen. Antropologia ikasi nuen eta Arkeologian espezializatu nintzen; bien bitartean mendizaletasunean trebatzen joan nintzen eta uda partean Patagonia aldera joaten nintzen. Antropologia ikasketak amaitu nituenean, Historia doktoregoa egin nuen Juan Schobinger irakaslearekin. Bera izan zen diziplina honen aitzindaria.

Goi mendiak dituzu «laborategi», nola prestatu zara horretarako?

Irakaskuntzarekin eta ikerketarekin, prestakuntza fisikorako denbora handirik ez dut errealitatean. Hala ere, betidanik, mendian meditatzeari eskaini dizkiot eguneko lehen orduak. Gaur egun hirian bizita, San Bernardo izeneko mendixkara igotzen naiz. Nire entrenamendua mantentzeko modu bat da hori, era naturalean.

Igotzea bera baino gogorragoa da, noski, bertan denboraldi luzeak ematea.

Altitute garaietan lan egitea oso gogorra da. Egonaldi luzeetan, bereziki, jan daitekeen gutxi hori -asko ezin baita eraman- ez du gorputzak bereganatzen, eta hori dela eta, muskulu-masa galera handia jasaten duzu. Bestelako arazoak ere badira: buruko minak, izozketa. Arkeologian, gainera, eskuak baliatu behar izaten ditugu, eta eskularrurik gabe ere aritu behar izaten dugu.

Samurrak ez diren egoerak bizi izan dituzu mendian, baina poz handiak ere bai. 1999an Llullaillaco sumendian «momia haurrak» topatu zenituzten, inoiz kontserbazio egoera hoberenean aurkitu diren gorpuzkinak. Nolakoa izan zen espedizio hura?

Normalean ni talde txikiarekin aritzen naiz esplorazioa eta prospekzio arkeologikoan; kasu horretan, ordea, Johan Reinhard irakaslearen taldearekin batera ari ginen lanean, National Geographic-ek babestutako kanpaina batean. Bertara igo ginen munduan dagoen gune arkeologiko garaiena delako. Ez genekien bertan zer topatuko genuen, mendiaren azterketa arkeologiko orokorra egiten ari ginen hilabete luze iraun zuen espedizio batean. Lanean ari ginela hasi ginen topatzen ofrendako hainbat elementu eta ondoren haurrak. Oso bilaketa berezia izan zen, hainbat egunetan luzatu zena. Segituan sortu zigun ardura handia haiek denak nola kontserbatu behar genituen pentsatzeak; ezin genituen mendian utzi, arpilatzeko arriskua ikusten baikenuen. Mendian hartu genuen sorpresak laborategian izan zuen jarraipena, aurkikuntzaren garrantziaz jabetuz joan ahala. Inoiz kontserbazio egoera onenean topatu diren gorpuzkinak dira, bai.

Mendiko hotza ez da erosoa ikerketarako, gorputzak halako egoeran mantentzeko bai ordea.

Bai hala da, bereziki mendi honen kasuan, oso mendi altua baita. Beste kasu batzuetan, Perun esaterako, beste sumendi batzuetan aritu gara lanean, baina kasu askotan, sumendiak bizirik izanik, kontserbazio organikoa ez da izan horren ona sumendiaren beroagatik eta sufreagatik.

Gorpuzkinek zer azaldu dute inken erlijioari buruz?

Inken erlijioa iturri historikoen bidez ezagutu daiteke, batez ere, konkistatzaile espainolek eta Andeetan egon ziren misiolariek idatzitakoaren bidez. Baina ebidentzia arkeologikoa topatutakoan, kasu honetan bioantropologikoa, askoz ere sarbide zuzenagoa duzu. Aktoreek nolabait euren esperientziaren berri eman digute, eta guk, zientifiko gisa, haiek entzuten ditugu. Makina bat azterketa egin ditzakegu: ADN probak, X izpiak, konputerizatutako tomografiak... mota guztietako ikerketak, betiere gorpuaren gainean ahalik eta eragin txikiena izan dadin zainduta. Mendian egiten ziren errituak nola egiten ziren jakiteko pista handiak eman dizkigute.

Kontua da inken garaiko objektu erlijioso gehienak txikituak izan direla denboran, eta altitude handiko leku hauek direla zapuztu gabe mantendu diren bakarrenetakoak; batzuk zoritxarrez zapuztuak izan dira, baina inork ukitu gabeko inguru bat topatutakoan, ikerketarako sekulako gaitasuna duen eremua aurkitzen dugu ikertzaileok.

Jakina da mendia oso garrantzitsua dela inkentzat. Zein modutan ulertzen zuten?

Andeetako herrien bizitzaren ardatza da mendia. Mendia ur eta bizitza biltzaile gisa ikusten zuten, batez ere, basamartu parajeak dituzten Mendebaldeko Andeetan. Inkek oraindik ere esanahi maila handiagoa eman zioten eta txertatu zioten eguzkiari gurtza, estatu kultu gisa. Egiten zituzten errituetan haurrak eramaten zituzten mendi gainetara eta eskaini egiten zituzten; haurrek Andeetako jainkoen enbaxadore lekua betetzen zuten.

Antropologia eta arkeologiaren lana da geroari erreparatuz orainari zentzua ematea, zein zentzu topatu duzue?

Hori da, hain zuzen ere, niri interes gehien pizten didan kontuetako bat. Andeetan bizi izan naiz urte luzeetan, baita nekazari inguruetako komunitate indigenetan ere. Erritu askotan gaur egun ere erromesaldiak egiten dira mendietara; patroi zaharrak jarraitzen dituzte, baina azalpena bera galdu egin da kasu askotan. Batek jendearekin hitz egiten duenean, ohituraz hitz egiten dute, usadioaz... Arkeologiatik denbora-sakontasuna bilatzen dugu gisa honetako praktiketan, eta pareko sinbolikoak aztertzen ditugu itxura aldetik desberdinak izan arren, sinesmen eta eduki bera dutenak.

Azter dezagun miniaturen erabilera, esaterako. Inken eskaintzetan ageri dira: nolabait, jendeak irudikatu egiten zituen gauzak, kopuruan edo tamainan handitzea nahi zituen gauzak; eta irudi miniaturak mendi sakratuaren aurrean aurkezten zituzten, honek euren nahia bete zezan. Gaur egun Andeetako hainbat ingurutan egiten diren zeremonietan ere topa daitezke miniaturak, xede berarekin. Iragana ezagututa orainari azalpena ematea lortzen da, eta kontrakoa ere bai, orainak ere laguntzen baitigu iragana ulertzen. Guztia oso lotuta dago.

Inkek utzi zuten oinordekotza sinbolikoa handia al da?

Bai, inken erlijioak oinordekotza sinboliko handia utzi zuen Andeetako herrietan. Herri hauetan, gainera, beren sinesmenen mantenurako lan handia egiten dute; nahiz eta forma aldetik malguagoak izan, oinarrian dauden sinesmenak, ama lurrarenganako errespetua, mendiaren sakratutasuna, haurrek bitarteko bezala duten garrantzia... oraindik ere garrantzitsuak dira.

Ikertzeko asko dago, beraz. Interesik eragiten al du, ordea, goi mendietan ikertzeak?

Goi mendietan jarduten dugun ikertzaileak oso gutxi gara munduan. Badira Mexikoko mendietan lan egiten duten ikertzaileak edota Norvegian aritzen direnak. Guztiek egiten dugun lanari mendiko arkeologia izena ematen bazaio ere, errealitatean, gure ikerketako xedeak eta ikerketaren eremu edo agertokiak desberdinak dira oso. Andeetako inguruan oso ikertzaile gutxi ari gara.

Ikertzaile gutxi, eta emakumeak are eta gutxiago izango zarete, ezta?

Garaiera horretan lan egiten duen emakume bakarra izatea egokitu zait. Alde horretatik, bizitzari eskerrak ematen dizkiot aukera hori emateagatik. Bestetik, ikasleak, tartean emakumeak, ager daitezela eskatzen dut, lan hau egiten jarraitzeko. Zaila da gaitasun akademikoa eta gaitasun fisikoa, biak izatea; eta horregatik, nekeza da alor hauetan lan egin nahi duen jende aurkitzea. Gaia ikaragarri interesgarria da, ordea.

Mendiak altxor asko ditu ezkutuan?

Ikertzaileak ez du objektua bilatzen, informazioa baizik. Argitu nahi dut altxorren kontua, mendian aritzen garen ikertzaileontzat arazo handienetakoa baita arpilatzea. Hori esanda, oraindik ere egiteko asko dago mendiko arkeologian eta gutxi gara egiten ari garenak. Mendiak merezi du ikerketa ahalik eta osatuena. Horregatik diot, berriz ere, eskertuko nukeela alor honetan lan egin nahi duen jende gaztea agertzea.

 

lotura

«Iragana ezagututa orainari azalpena ematea lortzen da eta kontrakoa ere bai, orainak ere laguntzen baitigu iragana ulertzen. Guztia oso lotuta dago»

sekulako eremua

«Mendian, ukitu gabeko inguru bat topatutakoan, ikerketarako sekulako gaitasuna duen eremua aurkitzen dugu ikertzaileok»

oinordekotza

«Inken erlijioak oinordekotza sinboliko handia utzi zuen Andeetako herrietan. Herri hauetan, gainera, beren sinesmenak mantentzeko lan handia egiten dute»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo