HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN
Hautagaiei gutuna
Sonia GONZALEZ
Hauteskundeak alternantzia politiko hutsaren sasoia izaten dira demokrazia liberaletan. Aulkiak bete dituen alderdiak txanda pasatzen dio beste bati. Bizefalia honetan, nahiz eta buru bi ikusi, arima bakarra konpartitzen dute.
Alternantzia hori herritarron esperantza zapuztuetan datza. Jendeak beti ematen du botoa gauzak aldatuko direlako esperantzaz. Lau urte pasa, berriro zapuztu eta berriro ahalegina. Ezer ez da aldatzen, ezer ez aldatzeko eginda baitago.
Baina guk benetako aldaketa nahi dugu. Eta zuek izan behar duzue horretarako tresna. Ez dugu nahi balio ez digun sistema ustel baten kudeaketa hutsa, sistemaren iraultza baino. Ez da agindu makala, eta akaso kapazak izango zareten pentsatzen ari zarete. Trankil. Hanka sartu, sartuko duzue. Hala ere, zuen asmo gorena hori bada, bidearen zatirik aldapatsuena eginda daukagu. Politika minuskulaz nork egingo, soberan dago. POLITIKAri ekingo diotenak behar ditugu. Udal eta aldundiak, beren txikitasunean, handienak dira, gugandik hurbilen egonik, geure bizien jabetzara buelta- tu ahal gaituztelako. Merkatu hutsa izateari behingoz utzi eta «res publikoa» erabakitzeko toki bihurtu daitezen gure herrietako agorak.
Gutun hau ez dago zuzendua hautagai guztiei, herriaren hautagaiak izateko determinazioa daukatenei baino, euren ezagupen maila edo trebezia dena delakoa ere. Herritar arruntok geure artetik aukeratuko ditugun herritar arruntak, langile klasekoak eta ez klase politikokoak, animo eta aurrera!