GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Sare sozialen iraultza

 

Ez naiz sare sozialetako beteranoa, katuka nabil oraindik. Ez nuen kide izateko asmorik, harik eta lagun batek labirinto zibernetiko hartan nire izena agertu zela esan zidan arte: nire izena han, eta neuk jakin ez. Malo. Orduan entxufatu nintzen, eta irudipena daukat Herri Urratsen modukoa dela, nolabait esatearren. Han badira lagunak, badira ezagunak, eta badira ikusi nahi ez genituzkeenak ere. Baina denak gabiltza laku berean bueltaka, eta derrigor aurkitzen dugu elkar bide xendraren batean, xingarrez betetako taloa eskutan, edo pedaloren batean, izerdia bota eta isuri. Badira sare sozial asko, baina neuk Facebook erabiltzen dut gehien. Erreboltarako tresna izan omen da urrutiko tokiren batean, Mediterraneoaren beste aldean. Zorionak hemengoon partetik, sarean baikabiltza gu ere, baina erreboltarako errezetarik gabe oraino. Geurean, ikusi dudanagatik, elkarren berri izateko balio du «feisbuk-ek», eta gutxi gehiago. Nork bere errepertorioa jartzen du, daukan onena: kanta bat, film zatiren bat, link bat… baina kontuz, lokiak lehertu arte pentsatu beharko du zer jarri: zenbat eta gandor handiagoa, zenbat eta hegal koloretsuagoak, orduan eta hobeto. «Intelektoaren pasarela» modukoa da. Baten batek zer edo zer interesgarria paratzen duenean, «atsegin dut» esaten diogu, konplize. Keinu bat da, deklarazio bat, deiadar bat: hark ere geurea kontuan har dezan. Ezer ez da kasualitate. Denek daukate horma bat, kaleko hormak bezalakoa, eta han espraiaz (uler bedi metafora) zer edo zer jar dezakegu, nahiz eta inportanteago izango den nori jartzen diogun, eta zergatik hari eta ez beste norbaiti, zer jartzen dugun baino. Kanpotik ikusita, zerbait serioa irudiko du, baina sare sozialak joko bat baino ez dira. Jokatu nahi baduzu, ongi etorri: iraultzak beste tokietan gertatzen dira.