Tasio Erkiziaren kontrako zigorra, adierazpen askatasunaren eta logikaren aurka doa
Auzitegi Nazional espainolak Tasio Erkiziari urtebeteko kartzela zigorra ezarri dio, 2008an, Jose Migel Beñaran Argala, gerra zikinak hildako ETAko militantea oroitu zen ekitaldi batean parte hartzeagatik. Epaiketan zehar, Erkiziak berak nabarmendu zuen bere asmoa ez zela izan erakunde armatuari gorazarre egitea, eta bere hizketaldian Euskal Herriaren egoera politikoari buruz aritu zela. Azalpenei entzungor, epaileek ezker abertzaleko kidearen kontrako kartzela zigorra ezarri dute, eta gainera, zazpi urtez gaitasungabetzea erabaki dute. Auzitegiak «anbiguotasun kalkulatua» erabiltzea leporatzen dio Erkiziari, eta Argalarenganako gehiegizko errespetua erakutsi zuela ondorioztatu du. Ez da lehen aldia auzitegi honek arrazoi honengatik zigorrak ezartzen dituela eta, erabaki horrekin, adierazpen askatasuna urratzen duela.
Izan ere, duela 33 urte gerra zikinak hildako pertsona bat, dena dela, gogoratzeko ekitaldian parte hartzea inoiz ez litzateke delitu izan behar, are gutxiago zigortua izan den lagunak konponbide demokratiko eta baketsu baten aldeko apustua hainbat alditan adierazi duenean. Logika ororen kontrako epaia da honakoa.