HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN
Aurkezpena egin du Bilduk Estrasburgon, diputatu europarrei babesa eskertuz
GARA | DONOSTIA
Bilduren hauteskunde kanpaina Estrasburgoraino iritsi zen atzo. Koalizioko ordezkariek Europako Parlamentuan aurkeztu zituzten Bilduren proposamenak eta hainbat europarlamentarik emandako babesa eskertu zuten. Hain zuzen ere, aurreko astean hogeiren bat europarlamentarik Bilduk hauteskundeetan egoteko eskubidea duela zioen idatzi bat sinatu zuten. EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek eta Alternatibako Oskar Matutek prentsaurrekoa eskaini zuten Estrasburgon Euskal Herriaren Lagunak taldea osatzen duten hainbat eurodiputaturekin; tartean zen ERCko Oriol Junqueras, esaterako. Gisa honetan, Urizarrek eta Matutek Europako Parlamentuak Bilduri eman izan dion babesa eta laguntza eskertu nahi izan zuten.
Alternatibako ordezkariak azaldu zuenez, Auzitegi Konstituzional espainolak Bilduri ezezko erantzuna emanez gero Estrasburgoko Auzitegira joko zutela ohartarazi izanak eragina izan du azken erabaki judizialean. Ziurtasunez esan zuen Matute Estrasburgoko Auzitegiak ez zukeela onartuko Bildu legez kanpo uztea. Pello Urizarrek, bestalde, demokraziaren aldeko «pauso garrantzitsua» eman dela azaldu zuen prentsaurrekoan eta Europak «bide horretan jarraitu behar duela» aldarrikatu zuen.
Asmoa Europako Parlamentuan Bilduren proposamenak agertzea bazen ere, bertaratu ziren kazetariek, temati, Ander Errandonea preso ohi oiartzuarrak espetxe atarian atera zuen Bilduren aldeko kartelaren kontuari jarri zioten arreta, koalizioaren egitasmoen berri ematea bazter utziz.
Bildu, ustelkeriarik gabe
Euskal Herrian ere eskaini zituen Bilduk, han eta hemen, hauteskunde kanpainako ekitaldiak. Goizean, Donostian, Aldundiaren eraikinaren aurrean, ustelkeriaren aurkako manifestu bat sinatu zuten Bilduren Gipuzkoako hautagaiek.
Manifestu bera aurkeztu zuen Bilduk Iruñean Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campusean. Agiri horretan kudeaketa gardena egiteko konpromisoa hartu du Bilduk eta demokrazia parte hartzailearen alde ere egiten du. Maiorga Ramirezek azaldu zuenez, idatzian ageri diren konpromisoak hiru ardatz nagusiren ingurukoak dira: herritarren parte hartzea, kargu publikoen gardentasuna eta us- telkeriaren aurrean erantzun argia emateko konpromisoa.
Era horretan, euren karguen kudeaketaren gaineko edozein zalantza suertatuko balitz, «behar denaren eskuetan» jartzeko konpromisoa hartu zuten eta gai garrantzitsuen inguruko erabakiak hartu baino lehen herri kontsultak deituko dituztela hitz eman.
Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagai Martin Garitano eta Zumaiako alkategai Iñaki Agirrezabalagak aurkeztu zituzten prentsaren aurrean sinaturiko idatziaren edukiak. Manifestuan jasotzen denez, ez dute «bereizitako kasta politiko» baten parte izateko asmorik eta «betikoak» izango dira, «politikak edo botereak aldatu gabe».
Datorren legegintzaldia Bilduren presentziak eta «instituzioetan aire freskoa sartzeak» markatuko duela nabarmenduta, Bilduren ordezkari publikoek euren diru sarrera eta jabetza pribatuei buruzko argibideak eman beharko dituztela eta «kudeaketa gardena» ziurtatzeko behar besteko informazioa emango dutela adierazi zuten.
«Gure karguak tokatzen denaren eskuetan jartzeko konpromisoa hartzen dugu, ustelkeria zantzurik balego», dio manifestuak. Era berean, kargua utziko dutela diote «era horretako akusaziorik izaten bada».
Herri galdeketei dagokienez, proiekturik garrantzitsuenen aurrean herritarrek zeresana izango dutela adierazi du Bilduk. Horregatik, erreferendum horiek egin ahal izateko «beharrezko giza baliabideak eta ekonomikoak» bideratuko dituztela azaldu zuten.
Koalizioak kontratazio eta kudeaketa publikoaren aldeko apustua egin, eta udaletan, aldundietan zein bestelako erakundeetan kontu-ikuskatzeak egingo dituela ere agindu du.
Demokrazia parte hartzaileak ere bere lekua du Bilduk adostu duen manifestuan, horrela eragile sozialek eta herritarren elkarteek instituzioetako ateak irekita izango dituzte eta «aurrekontu parte hartzaileak» egingo dituzte. Donostiarako alkategai Juan Karlos Izagirrek Igeldoko Itsas Aurre elkarteko kide gisa izan duen esperientzia azaldu zuen. Bere hitzetan, udal kudeaketan nabaria izan da «informazio eta kontsulta falta».
Parte hartzea koalizioaren printzipioetako bat dela azalduta, udaletan parte hartze politiken «erabateko aldaketa» beharrezkotzat jo zuten.
«Prestatuta gaude»
Martin Garitanok, iluntzean, Bilduren beste ekitaldi batean hartu zuen parte Errenterian. Maiatzaren 22ko hauteskundeei begira, Bilduren helburua «aldaketa politiko, sozial eta instituzionala» dela azaldu zuen eta aldaketa hirukoitz hori «gipuz- koarren gogo eta nahien adierazle» dela azaldu zuen.
Krisi ekonomikoak ere tartea izan zuen Garitanoren hitzaldian, eta EAJ zein PSOEren politikak «berdinak» direla eta «ezagutzen ditugula» azalduta, Bilduk proposamenak dituela iragarri zuen. «Prestatuta gaude, jendea daukagu, ideiak dauzkagu. Ez digu beldurrik ematen gobernatzeak», esan zuen.
Etzi, 17.30ean, kanpainako ekitaldi nagusia egingo du Bilduk BEC-en. Koaliziokideen hitzetan, «ez dugu inolako zalantzarik izan halako ekitaldi erraldoia antolatzeko orduan».
Auzitegi Konstituzionalaren erabakia ezagutu zain Bilbo eta Iruñean egindako «urrats erraldoien» hurrengo kapitulua izatea nahi du Bilduk BEC-eko ekitaldia. «Aldaketaren festa» ospatu nahi du Bilduk.