Kukai dantza taldeak hainbat estilo eta garai elkartu ditu «Karrikan» lanean
M. LARRINAGA | DONOSTIA
Euskal dantzaren oinarriak eta estilo garaikidea elkartu ditu berriz ere Kukai dantza taldeak «Karrikan» izeneko azken sorkuntzan. Gainera, honako hau ere kalean egiteko sortutakoa izan da, aurreko «Soka» bezala. Bihar estreinatuko dute Leioako Umore Azokan.
Hiru koreografo garaikidek egindako hiru piezak osatzen dute «Karrikan»: Iker Gomezen «Aupa mutil» dantzak, Pantxika Telleriaren «Fight for fandango»k eta La Intrusa Danza taldeko Damian Muñoz eta Virginia Garciaren «Sorbatza»k, alegia. 55-60 minutu inguru irauten duen ikuskizun honetan, gainera, mota eta garai askotako musika nahastu du DZ DJak (Zigor Lanpre).
Taldeak ibilbide nagusia aretoetan egin izan duen arren, «Soka» kalerako prestatu zuten, eta gustura aritu ziren dirudienez. Jon Maya zuzendariak, atzo egin zen aurkezpenean azaldu zuenez, antzokiak xarma duen arren, «jendea sentsibilizatzeko eta dantza ikusten ohitzeko ona da gu kalera joatea».