GARA > Idatzia > Kultura

Mundu zabaleko hizkuntza minorizatuen egoera aztertu du Joxe Manuel Odriozolak

Munduko hizkuntza minorizatuak eztabaida eta errealitatea dira gaur egun. Joxe Manuel Odriozolak egoera hori aztertu du kontinente guztietan, baita oinarrian dauden esanahi eta galderak ere.

p050_f01_096x096.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Kontinente guztietako adibideak eta ehunka egileren aipuak bildu ditu Joxe Manuel Odriozolak «Estatu etnozidaren kontra» (Elkar, 2011) saiakera liburuan. Liburu jantzi eta aldi berean borrokalari honek xeheki aztertzen du estatu «zanpatzaileek» beren kultura eta hizkuntza nola inposatzen duten.

Unescok 1995ean egindako txostenak dioenez, munduan gutxi gorabehera dauden 6.000 hizkuntzetatik erdiak desagertu egingo dira XXI. mendean. Biodibertsitatea goratzen den garaiotan, gizadiaren kultur aniztasunari historia osoan egin zaion «sarraskirik gordinena» ari garela egiten dio Odriozolak. Formazioz autodidakta eta lanbidez helduen euskalduntzeari lotua dagoen altzotar honek soziolinguistikari buruzko lanak argitaratu ditu batik bat: «Gerraurreko gizarte-hizkuntzalaritza Euskal Herrian» (UEU, 1992), «Hizkuntza, kultura eta gizartea» (Euskaltzaindia-BBK, 1997) edota «Abertzaleak eta euskara» (Elkar, 2008).

Saiakera hau egiteko oharrak aspaldi hasi zen hartzen Odriozola; izan ere, interesgarria iruditzen zaion idatzi oro dokumentatu eta artxibatu egiten duela aitortu zuen atzo egin zuten aurkezpenean. «Etxea oharrez josita dauden paperez josia daukat», aitortu zuen.

Hizkuntzaren inguruan beste lekuetan zer egiten den jakin nahi zuen idazleak, «gure gisa dauden hizkuntza eta herriak aztertzeko nahia» zuen. Hori dela-eta, hamaika datu eta ohar bildu ditu, 348 orrialde betetzeko adina, eta hala ere, asko ez duela gaineratu azaldu du, ez zuelako munduko hizkuntzen maparik egin nahi.

«Ideologia politiko guztiak biodibertsitatearen aldekoak ditugu gaur egun, baina gizateriaren historiak sortu duen hizkuntz eta kultur aniztasun eta ondarerik handiena baztertu eta suntsitzeko kontzientzia-eragozpenik ez dauka berdinkeria xede duen ideologiak» edota «etnozidio gehienen atzean genozidioa dago maizenik», halako baieztapenak egin ditu Odriozolak. Hizkuntza minorizatuei buruzko eztabaida zertan den aztertu, eta egoera horren arrazoiak, ondorioak eta irtenbideak zein diren argitzen ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo