ARGITALPENA
Sarrionandia elkarrizketatu dute «hAUSnART» aldizkariaren lehen alean
Lapiko Kritikoa Kolektiboak aldizkari berria du kalean, eta zero zenbakian, Joseba Sarrionandiari elkarrizketa egin diote Gorka Bereziartuak eta Andoni Olariagak. Egindako adierazpenetan, ezker abertzalearen azken urteotako eztabaidatan ez duela parte hartu dio Iurretako idazleak, «baina aldaketa onuragarria dela uste dut. Hogei urte lehenago egin izan balitz hobe. ETAk estatuaren sparring papera luzaroan bete ondoren, biolentziaren kritika da egin behar dena, `kondena' erretorikorik egin beharrik gabe ere». Eta honakoa gaineratzen du: «Azken hogeita hamar urteotan estatuaren aurka ibili garenok errekuperatu behar duguna legitimitatea da, geure herriko nahi kolektiboekin sintonia». Euskal Herri imajinarioaren harira, «Euskal Herria Espainia bezain asmatua da, eta ez da faltsuagoa. (...) Espainia benetakoa dela adierazteko Euskal Herria asmatua dela esatea, hori bai dela argudio aldrebesa», dio.