GARA > Idatzia > Euskal Herria

Erkiziaren esanetan, burujabetza defendatzea kartzelaz zigortzen da

Auzitegi Nazional espainolak «Argalaren» heriotzaren urteurreneko ekitaldian parte hartzeagatik urtebeteko zigorra ezarri diola jakin zuen atzo Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak. Estatu espainolak ideia politikoak ez dituela onartzen «bistakoa» dela nabarmendu zuen.

p019_f02.jpg

Ana ABARIZKETA | DONOSTIA

Auzitegi Nazional espainolak urtebeteko zigorra ezarri dio Tasio Erkizia ezker abertzaleko militanteari. Atzo plazaratu zuten epaia, eta 2008. urtean Jose Miguel Beñaran Argalaren heriotzaren 30. urteurreneko ekitaldian parte hartu izanagatik kondenatu dute Erkizia.

Erkiziak garari argitu zionez, sententzia «beste adibide bat» besterik ez da, izan ere, «Estatu espainolak ideia politikoak jasangaitz bihurtzen» dituela salatu zuen. Sententzia hau beste kasu bat besterik ez dela azaldu zuen. Aldi berean, egun ideia politikoak defendatzeagatik euskal herritar asko preso daudela ere gogorarazi zuen.

Epaiketan zehar, epaileek Argalaren omenezko ekitaldian egindako diskurtso politikoa bazter uzten jardun zutela azaldu zuen, «ihesean». Erkiziaren hitzetan, ez zitzaielako interesatzen bertan plazaratutako diskurtsoa aztertzea. «Lore bat jarri eta `Gora Argala' esan zela aipatzen du soilik». Beraz, diskutso politiko bat epaitegietara eramaten bada, nolabaiteko delitua izan behar dela eta epaitegiak 2008ko ekitaldian esandakoak aztertu ez dituela azpimarratu zuen.

Arrigorriagan Estatuari minik handiena emango liokeen bideaz hausnartzera dei egin zutela ere aipatzen du sententziak. Erkiziak epaiketan bertan behin eta berriz mezu hori erabat garbia zela azaldu zuela esan du, alegia; «bide politikoen aldeko apustua egitera animatu nituen entzuleak».

Era berean, ezker abertzalearen egoeraren inguruan, 40.000 pertsona baino gehiago hautagai izateko «guztiz baztertuta» daudela gogorarazi zuen. Delitu bakarra «proiektu politiko bat defendatzea» izan dela azalduz.

Rafa Diezek aske jarraituko du

Bestalde, Auzitegi Nazionalak Rafa Diez Usabiaga aske mantentzeko erabakia berretsi zuen asteartean. LAB sindikatuko idazkari ohiari Batasuna «berregitea» leporatzen zioten «Bateraguneren» bitartez. Auzitegi Nazionalak, ordea, hori ezin dela «guztiz egiaztatu» ondorioztatu zuen.

Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Laugarren Atalak, beraz, Voces contra el Terrorismo-Verde Esperanza elkarteak aurkeztutako apelazio-errekurtsoa errefusatu zuen. Horiek poliziaren hiru txostenetan oinarrituz aurkeztu zuten salaketa, «talde terrorista eta bere ingurua» goraipatzen zuela argudiatuz.

Tolerantzia

Ezker abertzaleko militanteak esan du sententzian Estatuaren demokrazia «tolerantea» azpimarratu nahi izan dutela epaileek, baina aldi berean diskurtso politikoa zigortu dutela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo