Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Musikaren gau-amodioak
Hiriko gau rockzaleak. Musika eta jarrera. Punka eta dantza. Garai bateko gau metalikoak, burdinazkoak baitira larru beltzezko txupetan iltzaturiko apaingarriak. Txupa beltzak praka estuekin nahastuta. Gauean imaginario sexuala airean. Mendekuaren plazera gorputzaren barrenean. Ehiza sexualaren obsesioa garagardo botiletan zintzurretik behera. Arrantza sareak hedaturik. Elkarrizketa antzu eta bururik gabekoak. Jotakoa jota dago, jotzen denean. Orgasmo anonimoak. Hori heriotza bezalakoa da, baina heriotzak behin baino gehiagotan ezin gaitu hil. Iritziak garagardoetan. Dena merkantzia bihurtuta. Obsesioak harrapatuta gauzka. Existentzia bera har dezakegu, sentimenduak musikaren doinuetan. Buruan bueltaka lelo bat eta zentzurik ez duenean leloak amildegira. Etorriko da berriro beste lelo bat beteko gaituena. Osasuna gauetan ez da iristen. Zuloak tapatzean datza. Ahoa zurrupadekin, sudurra substantzia zuriekin, belarria dezibelekin. Irudiak proiektatuko ditugu. Jendea babesean dago, zerbaiti helduta, alkohola edo pizgarria. Lotura parafernalikoa eta inpotentzia era guztietara atondua. Maitasun kontrabandoa taberna zuloetan. Begiradak, dantzak eta probokazioak. Maitasunaren fotokopiak dira. Musika ere fotokopiatu digute? Kopiak jatorrizkoak baino balio handiagoa omen du gaurko gizartean. Itxura desitxuratu egiten da gero laster batean. Musikaren abiaduraren gosea, egarria. Paradisua burbuiletan jauzika. Zuk balio duzu eta gau honetan ez dut besterik desio, baina, bihar ere gauza bera pentsatuko dut. Bizitzaren eta musikaren existitzeko plazer hutsaz gozatu. Gorputza ezin da pentsatu arerio modura.