Berreraikuntza lanak dira nagusi Japonian lurrikara gertatu eta bi hilabetetara
GARA | TOKIO
Eguerdia da Japonian, 14:46. Minutu luze batez, isiltasuna da nagusi herrialdearen luze-zabalean. Asko dago oroitzeko, asko gogoratzeko. Duela pare bat hilabeteko hondamendi lazgarria dute gogoan herritarrek, hildako ehunka lagunak, desagertuta jarraitzen duten dozenaka adiskideak, suntsi- tutako milaka etxeak.
Iturri ofizialek atzo jakitera emandako datu berrituen arabera, 14.949 hildako eragin zituen hondamendiak, baina 9.880 lagun desagertuta daude oraindik. Suntsitutako etxeak, berriz, 68.000 izan ziren batez beste, eta hortaz, 117.000 lagun inguru aurkitzen dira inprobisatutako aterpe-lekuetan, euren etxeetara noiz itzuli ahalko diren ez dakitela.
Gezurra dirudi minutu eskas batek martxoaren 11ko lurrikara eta horren osteko tsunamiaren biktimak gogoratzeko astirik ematea, baina japoniarrek ez dute horretarako betarik galdu nahi izan, errezo artean izan baitituzte gogoan, isilean.
Gobernuaren estrategia
Egunerokoak aurrera segitzen du herrialdean, ordea, eta beharrezko omenaldiak amaituta, berreraikitze lanekin gogor segitzen dute Japonian; agintariak ez dira ausartzen zenbat denbora iraun dezaketen iragartzen, baina hilabeteak edo urteak ere izan daitezkeela ohartarazi dute adituek.
Horrek Gobernuaren ospea asko alda dezakeelakoan daude, eta horren jakitun, hainbat neurri hartzen hasia da Naoto Kan lehen ministroa ere; soldata jasotzeari uko egingo diola jakinarazi zuen herenegun, baina harago joan litekeela ere argitu dute adituek. Izan ere, ekaina amaiera aldera gobernua eraberritu, eta berreraikuntza lanak azkartzeko eta indartzeko ministerio bereziak sor ditzakeela eman dute aditzera gaia ezagutzen dutenek. Berreraikuntza lanak ez ezik, Fukushima zentral nuklearreko auzia ere konpontzeke du oraindik. Zentrala kudeatzen duen Tepco enpresak itsasora ur erradioaktiboa isuri duen beste arrakala posible baten berri jakinarazi zuen atzo, hain justu, Gobernuari gauzak are gehiago korapilatuz.
Auzi nuklearraren krisiak kalte ekonomiko nabarmena eragin die ez bakarrik Gobernuari, baita inguruko bizilagunei ere; horiek arintze aldera, hain zuzen, instituzio berri bat eratuko dutela ezagutarazi du Kanen exekutiboak. Horren bidez, sektore publikoa eta pribatua koordinatzeko asmoa dutela jakinarazi dute, Tepcok bizilagunei agindu dizkien kalte-ordainak abonatzen laguntzeko.