GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Buruz buruko txapelketa

Sakearen aurretik, erasora

Irujo harrituta agertu zen Aimarrek aukeratutako pilotekin eta beti biktima papera hartzea egotzi zion.

p046_f01_148x100.jpg

Jon ORMAZABAL

Biek osasun arazoak gainditu berri dituzten arren, argi dago Martinez de Irujo eta Aimar Olaizolaren arteko lehia bat ez dela partida arrunt bat. Iberokoaren eta Goizuetakoaren arteko neurketak bereziak dira, eta partida bereziak lehen sakea egin aurretik hasten dira jokatzen. Atzoko pilota aukeraketa horren adibide garbia izan zen; aurrelari bakoitzak larunbatean erabiliko dituen armen lehen erakustaldia egin zuen, ohi bezala, Irujo ausart eta erasora aritu zen; Aimar Olaizola, berriz, ohikoa duen zuhurtzian babestu zen, aukera egokiaren zain.

Materialaren inguruan sortu zen lehen ika-mika, Irujo harriturik agertu baitzen Olaizola II.ak aukeratutako pilotekin. Bere aburuz, pilotak jokatzeko egokiak dira, kritika ez zen hortik etorri, «betidanik kritikatu dituen pilotak» aukeratu izanagatik baizik. Jakina da Goizuetakoak pilota astun eta irteera gutxikoak aukeratu ohi dituela beti, baina atzokoan askoz arinagoak apartatu zituen, tartean 105 gramo eskaseko bat.

Asegarcekoa ez zen bat etorri bere aurkariak esandakoarekin. «Niri gustatzen zait pilotalekura etorri eta gustura sartzen zaizkidan pilotak aukeratzea. Gaur, segituan izan ditut bi gustuko, eta horiexek aukeratu ditut, normalean hartzen ditudan pilota klase horietakoak dira».

Bestalde, partida atarietan ohikoa izaten da faborito papera elkarri ezarriz nolabaiteko guda psikologikoa praktikan jartzea eta, apirilaren bitik partidarik jokatu eta taxuz entrenatu ezinda ibili den arren, Aimar Olaizolak Irujorengan jarri zuen iragarpenen zama.

Irujo faborito

«Kontuan izanda ze pilotari den, buruz buru jokatzen dugun aldiro bera izaten dela faborito, indar handia duelako bi eskuekin; asko ematen dio eta oso zaila da berari irabaztea eta, nik uste, berak erabaki badu jokatzea egoera onean egongo dela», Azaldu zuen Olaizola II.ak.

Kantxan bezala, erantzun azkarra eta zuzena izan zuen Iberokoak. «Aimarrek beti hartzen du biktima papera. Nik irabazi izan diot eta berak ere irabazi egin dit. Berak argi dauka irabaz diezadakeela erraz asko. Hilabete eta erdi daramat jokatu gabe, eskuak ditudan bezala ditut eta ezin izan dut entrenatu. Bera binakako txapeldun izan da eta begira ze erakustaldi eman zuen Merinoren aurka. Lasaiago geratzen bada horrela, ni naiz faboritoa, baina nik dakidan bakarra da irabazteko sekulako partida jokatu behar dudala», baieztatu zuen Aspeko aurrelariak, Aimarrek azken egunetan izan dituen eskuko arazoen inguruan zalantza ageriz.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo