GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Martxel Toledo Garmendia Esait-eko koordinatzailea

Lortu behar dugu, lortuko dugu

Egun, Euskal Herria une historiko baten atarian dago. Herri honen onerako, egoera politikoa eta indar metaketa aldatzera doa. Ezin dugu aukera hori galtzen utzi

Hamabost urte pasa dira Esait sortu zenetik ona. Hamabost urte hauetan Euskal Herrian zein hemendik kanpo, euskal selekzioaren ofizialtasuna lau haizetara zabaltzeko ekitaldi ugari eta anitz antolatu ditugu eta horietako bat, Euskal Selekzioaren Eguna da.

Aipatu bezala, urtean hainbat eta hainbat ekimen antolatzen baditugu ere, guretzat antolatzen ditugun guztietatik, izenak dioen modura, Euskal Selekzioaren Eguna da berezienetako bat. Finean, Esaiten helburuei begira jarrita, bera delako selekzioaren ofizialtasun behar hori egokien irudikatzen duena.

Euskal Selekzioaren Eguna lehen aldiz 1999ko ekainean antolatu genuen Oiartzunen, eta urtez urte lurralde ezberdinetan antolatzen dugu. Zentzu horretan, aipatu, hurrenez urren, Bilbo, Tolosa, Arbizu, Senpere, Agurain, Algorta, Zarautz, Leitza, Urkabuztaiz-Izarra, Pausu-Behobi eta Oñati izan direla aurreko edizioak ospatu diren herriak. Guztiok dakizuen bezala, egun osoko aldarrikapen jaia izaten da, eta aurtengo hau ere, Zornotzan larunbatean ospatuko duguna, horrela antolatuta dago, egitarau anitz eta zabal batez osatua.

Ezin da ukatu egindako aldarrikapen lan horrek bere fruituak eman dituela. Egun, inongo zalantzarik gabe esan dezakegu euskal selekzioaren gaia neurri handi batean euskal gizartean txertatua dagoela eta gehiengo handi batek begi onez ikusiko lukeela nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko aukera izatea. Baina salbuespen berezi batzuk kenduta, oraindik, tamalez, euskal kirolariak nazioartean ofizialki aritzeko, Espainia edo Frantziarekin lehiatu behar dute, ez dutelako aukerarik bere herriaren, alegia, Euskal Herriaren izenean aritzeko.

Zentzu horretan, egungo egoera ez da batere erosoa. Ikus dezakegun bezala, Espainiako gobernu, instituzio, federazio eta agintariek ez dute amorerik ematen eta hemengoek ere berean jarraitzen dute, alegia, Madriletik eta Parisetik jasotzen dituzten aginduei txintik esan gabe men egiten.

Hori gutxi balitz bezala, azken agintaldian Gasteizko Gobernua kudeatzen ari diren PSEk eta PPk, kirola erabiliaz, gure herria espainoltzeko determinazioa hartu dute. Normalizazio faltsu baten izenean, espainiar kutsua duten kirol ekitaldiak indartzea, babestea eta Euskal Herrian txertatzea erabaki dute. Espainiako saskibaloi selekzioak 2010ean Gasteizen jokatutako lagunarteko torneoa, hainbat alorretako Espainiako Errege eta Erreginaren Kopa finalak Euskal Herrian jokatzeak edota Euskal Herritik 17 eta Euskaditik 33 urte pasatu gabe egon ondoren, aurten berriro Espainiako bizikleta itzuliaren bi etaparen finalak Bilbon eta Gasteizen izateak aipatutako estrategia horren adibide garbiak besterik ez dira. Eta gero esango dute ez dela politika kirolarekin nahastu behar.

Eta egoera honen aurrean, zein da oro har herri honetako agintari politiko, alderdi eta euskal kirol federazioen jarrera? Gehienek, aipatu estrategia kolonizatzaile horri aurre egin beharrean, beste aldera begiratuz, kolaboratzen jarraitzen dute. Gutxi batzuk nazioa garela aldarrikatzera ausartzen dira eta, zentzu horretan, herri honek nazioartean selekzio ofizialak izateko duen eskubidea defendatzen.

Baina iritsi da, gara. Egun, Euskal Herria une historiko baten atarian dago. Herri honen onerako, egoera politikoa eta indar metaketa aldatzera doa. Zentzu horretan, ezin dugu aukera hori galtzen utzi, alegia, zakarrontzira bota eta espainiar eta frantziarren menpe bizi. Guztion artean eta bakoitzak berari dagokion eremuan, herri honentzako burujabetza lortu behar dugu. Hori baita euskal herritarrei eskubide zibil eta politikoak bermatzeko gelditzen zaigun aukera bakarra.

Beraz, hel diezaiogun erronkari eta egin dezagun aurrera. Zentzu horretan, eta hauteskunde garaian gaudenez, Esaitek, dei zabala eta publikoa egiten die euskal alderdi politiko guztiei. Bakoitzak sar dezala euskal selekzioaren gaia bere agenda politikoan eta zintzotasunez defenda dezala instituzioetan, udaletan eta, finean, erabaki gune guztietan. Besteak beste, herri honek bere selekzio propioak izateko eskubidea duelako.

Zornotzan ikusiko dugu elkar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo