Musikene: arazoa ukatuta, ez dago zer konpondu
Musikene Euskal Herriko goi mailako musika ikastegian urak nahastuta baino gainezkatuago datoz. Zuzendaritzako hamahiru kidek dimisioa eman zuten ikastegiko arduradun nagusien kudeaketa dela-eta, despotismoa, aurrekontuen inguruko iluntasuna, hainbat langileren kaleratze susmagarriak, norabiderik eza... egotzita. Hainbat irakasle eta ikasle ere dimisioa eman zutenen salaketatekin bat etorri ziren herenegun prentsaurreko batean, non Musikeneko arduradun nagusiak ordezkatzeko eskatu eta Isabel Celaa sailburuaren erantzukizuna gogorarazi zuten. Arduradun horiek, ordea, baretasuna baino ez dute sumatzen Musikeneko uretan. Carmen Rodriguez Suso koordinatzaile nagusiak, Juan Carlos Perez zuzendari akademikoak eta Carmelo Labirua-Iturburu kudeaketa ekonomikoaren arduradunak ez dute beren karguak uzteko asmorik, eta beren kideen jarrera salatu egin zuten atzo, jasotako kritikengatik harrituta, Rodriguez Susoren hitzetan. Erantzun hori nekez jo liteke egokitzat ikastegiko krisiaren tamaina ikusita, eta dimisioa emandako kideek salatu duten jarreraren araberakoa dirudi. Izan ere, arazoa onartu eta negoziaketa bidez konpontzen saiatu beharrean, arazoa bera ukatzea nahiago dute. Bitartean, galtzaile nagusiak merezitako prestigioa galtzen ari den musika ikastegia eta haren erabiltzaileak dira.