sokatira Euskal Herrikoa
Goiherrik txapelaren bidean jarraitu nahi du
J.L.
Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketan bigarren jardunaldia jokatuko da 680 kilotan. Berriatuan izango da 11.30etatik aurrera.
Bertan honako talde hauek hartuko dute parte: Gaztedi A, Gaztedi B, Getxo, Goiherri A, Goiherri B eta Mutriku. Joan den larunbateko lehen jardunaldian nabaritu zen txapelketaren hasiera izan zela, eta taldeak beren hastapeneko soka kolpeetan dihardutela. Izan ere, tiralariek Mutrikun aurkitu zuten lurra aski lehorra gertatu zen, eta horrek tiraldi laburxeagoak, baina, halaber, indarrekoak eragiten ditu.
Tiraldirik luzeena sei minutukoa izan zen, Goiherri A eta Mutrikuren artekoa hain zuzen ere. Egoera horretan, Goiherri A moldatu zen ondoen, Mutriku bigarren sailkatuarekin alderatuta, 46 kilo gutxiago bazituen ere.
Edonola ere, oso lehia estua aurreikusten da biharko jardunaldirako Goiherri A, Mutriku eta Gaztedi A taldeen artean. Besteak beste, larunbateko lehen jardunaldian Goiherri A eta Gaztedi A taldeen arteko txanda lehiatua suertatu zelako.
Nafarroan, berriz, launako txapelketa jokatzen ari dira, eta gaur lehen txapelak banatuko dituzte. Zugarramurdin, 17.00etan, 320 kiloko azkeneko ekinaldia izango da. Bertan, Amaiur, Amaiur-Urruña, Imotz, AST, Berriozar, Basaburua, Txantrea eta Kastailueta arituko dira.
Ipar Euskal Herrikoan goma gaineko finalak jokatuko dira, zortzikoan. Ezpeletako merkatu plazan 600 kiloko, 680 kiloko eta pisu libreko finalak izango dira 17.00etan. Joan den astean Ñapurrak taldeak irabazi zituen 560, 640 eta 720 kilotako finalak.
Harri-jasotzea
Urdax Magunazelaiak marka saiakera egingo du bihar Ispasterren 12.30etik aurrera. 13 urterekin 150 kiloko harri errektangularra jaso nahi du. Horretarako bost minutu izango ditu.