Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Ozeanoa zubi
Diaspora ikasketetan mugarri da Paul Gilroy pentsalari eta irakaslearen «The Black Atlantic: Modernity and Double Consciousness» (1993) lana. Absolutismo etniko oro albo batera utzi eta kultura ikasketek bultzaturiko ikerketa lerroetatik abiatuta, Gilroyk espazio transnazionalean jazotzen den kultur eraikuntza aztertzen du, Atlantikoan gertaturiko esklabo merkataritzaren ondorioz Ozeanoaren bi aldeetan bizi diren beltzen esperientziak adibidetzat hartuta. Funtsean, diaspora ulertzeko modu tradizionalarekin hausten du Ingalaterrako pentsalariak. Diaspora, zentzu tradizionalean, jatorriari lotuta aztertu izan da. Gilroyren ereduan, baina, hibridotasunari edo, beste modu batera, konexio guneei erreparatzen zaie. Horregatik itsasoaren eta itsasontziaren irudiak hain iradokitzaileak egiten zaizkio Gilroyri, hain zuzen, bi irudi horiek kultur eraginen joan-etorriak (Iparretik Hegora, Hegotik Iparrera, Mendebaldetik Ekialdera eta Ekialdetik Mendebaldera) laburbiltzen dituztelako.
James Clifford antropologoaren arabera, Gilroyk diasporaren ezaugarri nagusitzat jotzen duen hibridotasuna kultura ororen oinarrian dago, kultura hori errepresentatzen duten gizabanakoek inoiz tokiz aldatu ez badira ere. Clifforden beraren terminologia erabiliz, kulturek erroak (roots) eta ibilbideak (routes) dituzte.
Herenegun Iban Zalduaren «Biodiskografiak» aurkitu nuen ozeanoaren bestaldean dagoen nire postontzian. Pop musika anglosaxoiari lotutako 38 album ezagunetako 38 abesti abiapuntu hartuta idatzitako beste horrenbeste narrazio biltzen ditu lanak. Gilroy eta Clifford etorri zitzaizkidan burura.