Morcheeba, Goran Bregovic, Killers, Ken Zazpi, JJR eta Betagarri EHZ jaialdian izango dira
Tiken Jah Fakoly, Chineese Man, Anari, Estricalla eta Atom Rhumba dira, besteak beste, uztailaren 1, 2 eta 3an Heletan izango diren taldeak. Hiru egunez, dantza eta antzerki emanaldiak eta hitzaldiak ere izanen dira
Ainize BUTRON | BAIONA
«EHZ, Mugetatik'at» mezu nagusia zabaltzeko xedearekin hurbilduko da, berriz ere, Euskal Herria Zuzenean jaialdia datorren uztailaren 1, 2 eta 3an Heletako bazterretara. Hiru egunez, egitarau aberats eta anitza proposatuko die bertara hurbiltzen diren adin eta estilo anitzetako ikusleei. Bost agertokitan banatuta, hirurogei bat ikusgarri proposatuko dituzte. Kontzertuei dagokienez, gau eta egunez, gaur egungo musika panoraman ageri diren nazioarteko eta Euskal Herriko taldeak izango dira.
Hiru egunak gaiaren arabera banatu dituztela jakinarazi zuten atzo antolatzaileek. Aurtengo EHZ jaialdiaren 16. edizioan izango diren talde ospetsuenak ostiral gaueko kontzertuetan nagusituko dira.
Horien artean izango dira ondorengoak: Morcheeba trip-hop estiloko maisuak, IAM, Goran Bregovic Balkanetako musikaria, Nasser elektro-rock taldea, Killers, Mopa, Le Prince Miiaou Le prince Miiaou rock independentea egiten duen kantaria, Estricalla, Le Catcheur et la Pute, Anari, Cie Cirkalouest eta Ooops.
Larunbatean, berriz, jaialdiaren mezua zabaltzeko baliatuko dutela erran zuten, besteak beste, hitzaldi, erakusketa, film proiekzio eta beste hainbat animazio eskainiz. «Indarra egin nahi izan dugu aurten gure mezua zabaltzeko», adierazi zuten antolatzaileek. Taldeen artean honakoak izango dira: Ken Zazpi, Jim Jones Revue rock-zaleak, Shakaponk, Chineese Man hip-hop egileak, Goose, Split 77, The Rodeo Idiot Engine, Atom Rhumba, Drunken Balordi, Sorgin, Erregea eta Bufoia, L'élégance et la beauté eta Euski.
Eta, igandean, berriz, jaialdiaren hasierako tradizioari eutsiz, familien eguna izango dela nabarmendu zuten. Azken egun horretan, azken urteotan Laborantza Ganberarekin batera antolatzen duten zikiro bazkaria izanen da. Bertan izango dira ere Tiken Jah Fakoly reggae taldea, La Phaze, Betagarri, Prowpuskowic, ZEP, Norte Apache, Bongo Botrako, Ardibeltza, Jainekin eta Rouge Chaperon.
Bestalde, aurten jaialdian azalduko diren berrikuntzen artean dago «Gaia» sorkuntza. Lagunarte konpainiarekin kudeaturiko lan hori jaialdiak koproduzitutakoa da. Horrekin batera, beste hainbat dantza ikusgarri eta txaranga artean, atseden eta eztabaida lekuak ere izango dira hiru egunetan zehar Heletako herrian.